GARA Euskal Herriko egunkaria
Berezkoak

Lanbertek eta Bilbaok lan asko egin behar izan dute sailkatu ahal izateko


Ez zen ezusterik izan Berezkoen Superprestigioan, eta aurretik iragartzen zen moduan, bi faboritoek, Lanbertek eta Bilbaok, egin dute aurrera.

Aurreneko neurketan, Lanbertek 40 eta 32 irabazi zion Monzeri, 66 minutu iraun zituen norgehiagokan. Partida bitxia izan zen, hasieran Lanbertek alde nabarmena atera baitzuen, eta 23-11 jarri zen markagailuan. Hor iritsi zen, ordea, Monzeren susperraldia, eta 7-19ko partzial bat sartu zuen Nafarroa Behereko pilotariak, markagailuan kintze bakar batera jartzeraino, baina gero Lanbertek ez zuen barkatu, eta neurketa ongi amaitu zen.

Saketik pilotari bakoitzak zazpi tanto lortu zituen, eta jokoan 20 egin eta 6 galdu zituen Lanbertek, eta 19 egin eta 13 galdu, berriz, Monzek. Markagailua honela mugitu zen: 2-0, 10-4, 17-8, 23-11, 31-30 eta 40-32.

Bigarren kanporaketan Bilbaok irabazi zuen, baina Darmendrail gazteak asko estutu zuen lapurtarra, batez ere lehen partean. Azkenean Bilbaok 40 eta 28 irabazi zuen. Hasiera bikaina izan zuen Darmendrailek. 21 urterekin bera da lehiaketa honetako gazteena, eta beretzat lehen txapelketa handia da hau. Lotsarik gabe ekin zion partidari, eta neurketaren erdira arte aurretik ibili zen. Gero, ordea, Bilbaok, nahiz eta bera ere gaztea izan, bere eskarmentua atera zuen eta azken kintzeetan nagusi izan zen. Hala ere, Darmendrailek emandako itxura oso ona izan zen.

Saketik, 11 tanto egin zituen Bilbaok eta 6 Darmendrailek. Jokoan irabazleak 25 egin, eta 9 galdu zituen, eta galtzaileak, berriz, 13 egin, eta 9 galdu. Markagailua, honela mugitu zen: 0-4, 3-11, 11-11, 13-13, 13-20, 22-22, 33-24, 36-16 eta 40-28.