GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Ruben Saralegi Kopako finalerdietan izango da

Aizkolari nafarrak Ugaitz Mugertza mutrikuarra menderatu zuen, minutu eta erdiko aldea kenduz.


Ruben Saralegik lortu zuen Urrezko Aizkorako Kopako finalerdiak jokatzeko azken txartela, Elgetan jokatutako kanporaketan, Ugaitz Mugertza mendean hartu ostean. Aizkolari bakoitzak lau 45 ontzako eta zortzi kana-erdiko erdibitu behar izan zituen, eta amaieran minutu eta erdi eskaseko tartea kendu zion nafarrak gipuzkoarrari.

Hasieratik bukaerara izan zen nagusi Saralegi, inoiz ez zuen tarte handiegirik lortu, baina beti zerbait aurretik joan zen saio osoan. Aurreneko 45 ontzakoan 9 segundoko zuloa egin zuen Errazkingoak, eta gero hortik aurrera hori ongi kudeatu zuen, eta amaierarako alde hori handitu ere egin zuen.

Lan erdietan, Saralegik lehen enborrean lortu zuen alde horri eutsi egin zion, izan ere, seigarren enborraren amaieran 10 segundoko tartea zegoen bien artean. Bigarren zati honetan Mugertzaren erreakzioa itxaroten zen, baina ez zen iritsi, eta amaieran Saralegik alde hori handitu egin zuen.

Enborrez enbor, honako hauek izan ziren Ruben Saralegiren denborak: 1.15, 2.51, 5.06, 7.34, 9.30, 11.42, 15.01, 18.16, 21.18, 24.53, 27.41 eta 30.31. Ugaitz Mugertzarenak, berriz, honako hauek izan ziren: 1.26, 3.24, 5.24, 7.45, 9.54, 11.52, 15.55, 19.46, 23.19, 26.25, 29.19 eta 31.56.

 

Harri-jasotzea

Gabonetako Harri-jasotze Kopan, Xabier Peñagarikano izan zen aurrera egin zuena, Goikoetxe mendean hartuta. Harri-jasotzaile bakoitzak zilindro zaharra, kubikoa eta bola izan zituen lanerako, eta bakoitzarekin bina minutuko txandak. Harri bakoitzak 100 kiloko pisua zeukan.

Kubikoarekin erabaki zuen Aizarnazabalgoak. Zilindroarekin Goikoetxe hobea izan zen, 27 aldiz berdindu baitzuen harria bizkarraren gainean, eta Peñagarikanok jasoaldi bat gutxiago eman zion. Kubikoari, Peñagarikanok 18 jasoaldi eman zizkion, eta lauko aldea kendu zion Goikoetxeri. Bolarekin ere Aizarnazabalgoa izan zen onena, 22 jasoaldi lortuz, aurkariak baino bat gehiago. Denera Peñagarikanok 66 jasoaldi lortu zituen, eta 62, berriz, Goikoetxek.