09 DéC. 2017 Aizkora Rekondok ezustea eman eta finalerako txartela lortu du Leitzarrak lan bikaina egin zuen. Bigarren enborretik amaierara aurretik izan zen. Vicentek ere ez zuen lan txarra egin, baina ezin izan zuen irabazi. Jon LEUNDA Jon Rekondok eskuratu zuen atzo Leitzako pilotalekuan Urrezko Aizkorako Kopako finala jokatzeko aurreneko txartela, hantxe jokatu baitzen lehen finalerdia. Orain beste bi geratuko dira erabakitzeko, hiru izango baitira Asteasun jokatuko den finalean. Leitzarrak, gainera, ezustea eman zuen, Iker Vicente hartu baitzuen mendean. Amaieran minutu eta erdiko aldea atera zion Otsagabikoari. Bakoitzak bi 45 ontzako eta hamabi kana-erdiko erdibitu behar izan zituen. Rekondok aitzakiarik gabeko garaipena lortu zuen. Leitzarrak hasieratik bukaerara lan handia egin zuen, eta oso itxura ona emanez, gainera; Vicentek, berriz, ez zuen enborrekin zorterik izan, adar pare bat ere izan baitzituen, eta ezin izan zuen leitzarra gainditu. Lehen 45 ontzakoa Otsagabikoak aurretik bota zuen, Rekondori sei segundoko aldea ateraz, baina bigarren enborrean denbora asko pasatu behar izan zuen Vicentek, eta hor atera zion tartea Rekondok, aurka zuen alde hori irauliz, eta bigarrenaren ostean minutu erdi bateko aldea zeukan. Hortik aurrera Rekondok agindu zuen, une oro aurretik joan baitzen. Lan erdietako erreferentzian, alde handia zeukan bere alde Jon Rekondok, eta bigarren itzulian nahikoa izan zuen abantaila horri eustea eta ongi kudeatzea amaieran garaipena lortzeko eta hala jokoan zegoen finalerako txartela poltsikoratzeko. Enborrez enbor honako hauek izan ziren Jon Rekondok behar izan zituen denborak: 1.28, 3.27, 5.18, 7.30, 9.31, 11.12, 12.36, 15.18, 17.26, 19.56, 22.38, 25.23, 27.48 eta 30.36. Iker Vicenterenak, berriz, honako hauek izan ziren: 1.22, 4.10, 5.57, 9.01, 11.06, 13.01, 14.50, 17.24, 19.35, 22.18, 24.55, 27.28, 29.39 eta 31.50.