GARA Euskal Herriko egunkaria
Harri-jasotzea

Irigoien faborito dela jokatuko da harri handiena

Errezildarrarekin batera, Jokin Eizmendi, Aimar Galarraga, Xabier Aranburu, Goenatxo III.a eta Imanol  Illarramendi lehiatuko dira gaur arratsaldean, 18.00etatik aurrera Asteasuko pilotalekuko finalean.


Sei kirolarirekin jokatuko da Euskal Herriko Harri Handien Txapelketako final nagusia gaur, 18.00etan, Asteasuko pilotalekuan. Bertan izango da Aimar Irigoien, eta errezildarra tartean baldin bada, dudarik gabe bera izango da garaipena lortzeko faboritoa.

Berarekin batera, Aimar Galarraga, Imanol Illarramendi, Jokin Eizmendi, Goenatxo III.a eta Xabier Aranburu lehiatuko dira. Kirolari bakoitzak 175eko edo 200 kiloko harri errektangularra erabiliz hasi beharko du. Ondoren zilindroa izango dute; hau ere 175 edo 200 kilokoa izango da, baina aurrekoaren pisu bera ezin du izan. Gero kubikoa izango dute, eta honek 150 kilo izango ditu, eta azkenik, 125eko bola erabili beharko dute. Bakoitzarekin lanean aritzeko, hiruna minutuko txandak izango dituzte.

Datu bitxi bat du final honek, parte hartuko duten kirolari guztiak gipuzkoarrak baitira. Aurrez aipatu bezala, Irigoien izango da irabazteko faboritoa, eta berak gauzak ongi egiten baldin baditu, gainerakoek ez dute erraza izango bera gainditzea. Jokin Eizmendi zarauztarra izango da bere aurkari zuzena. Zarauztarrak badaki dena ongi egin behar duela errezildarra mendean hartzeko, eta horretan eginahalak egingo diru, eta aurreneko postu hori lortzen ez badu, bigarrena ziurtatzera joango da. Gainerakoen artean borroka polita izango dela ematen du. Illarramendik erakutsi du lan oso onak egiten dituela harri hauekin, eta plazara horretara joango da, Goenatxo III.a bezalaxe. Azkoitiar gaztea ere harri handiekin ongi moldatzen da, eta Asteasuko finalean maila eman nahiko du.

Galarraga eta Aranburu ere bertan izango dira eta euren artean alde handirik ez dagoenez, postuak finkatzeko garaian borroka ederra izan daiteke. Hirurekin bakarrik jokatu diren finalak ere izan dira maila honetan, baina aurten kopuru ederragoa izango da.