16 DéC. 2017 sokatira Urtea Goma Gaineko Lauko Txapelketako bi finalekin amaituko da J.L. Euskal Herriko Lauko Sokatira Txapelketako azkeneko txapelak banatuko dira bihar, 11.30ean, Kortezubin. Bertan jokatuko dira emakumezkoen 260 kiloko eta gizonezkoen 300 kiloko finalak. Emakumezkoetan Badaiotz, Ibarra A, Beti Gazte, Txantrea, Ibarra B eta Berriozar izango dira lehiatuko diren taldeak. Lehen fasean bi multzotan banatuta aritu dira lanean, eta bakoitzeko hiru onenek lortu dute finalerako txartela. Aurreneko fasean denen artean ere lehia ikaragarria izan da, ez da aparteko alderik ikusi eta borroka ikaragarria aurreikusten da. Huts txikienak ere garesti ordainduko dira final honetan. Mutiletan, berriz, Beti Gazte, Baigorri, Sokarri, Ñapurrak, Berriozar B eta Kaskailueta arituko dira. Hemen ere lehen fasean bi multzotan banatuta lehiatu dira eta bakoitzeko hiru onenak izango dira final honetan. Nesketan bezalaxe, hemen ere ez da aurreneko fase horretan aparteko alderik egon baina, aditu askoren ustez, Beti Gazte eta Ñapurrak dira faboritoak. Gehienek lehia Lesakakoen eta Ezpeletakoen artean ikusten dute, baina ezin dira baztertu Baigorri eta Berriozar B ere. Aurretik jokatuta dagoen mailan Ñapurrak izan zen onena, eta lapurtarrek oraingoan ere ez dute hutsik egin nahi eta lehiaketa hau txapela buruan dutela amaitu nahi dute. Lesakakoek, berriz, amaitu berri den Nafarroako Txapelketan erabateko nagusitasuna erakutsi dute, eta bide horretatik jarraitu eta urtea beste txapel batekin amaitu nahi dute. Urte berriarekin batera, zortziko lehiaketa abiatuko da, eta ikusiko da hemengo talde guztiak arituko diren ala ez.