Autopsia
Abendua zen. Abendua zen Xabier Letek izotza besarkatu zuen urte garaia. Elurrari atxiki zizkionak denboran atzean utziak zituen, idortzen ari zen ur ekarri hotzari emanak zizkion eritasunak bustita. Bederatzi urte igaro dira egunsentia esku izoztuz agurtu zuenetik; zazpi, bere obra horma bihurtu zenetik. Autorea hilik, ez da garapenik.
Xabier Leteren iruditeriari atxikita doaz bizitzari itsatsirik doazkion alderik hotzenak. Izan eritasunari begira, izan herioari galdezka, poeta zurrunarenak ohi diren ezaugarriak egin zituen bere, nahiz xamurtasunaren –eta ez samurtasunaren– argi printza bizia izateko gaitasun literario oparoa ere izan zuen.
Kristalizatutako obra litzateke oraintsu arte Leterena. Edo zazpi urtean formoletan gordetakoa. Momifikatua. Kriogenizatua. Kontserbatan jarria, finean, inork kontsumitu nahi ez baina galeran erortzen uzteko damua alboratu ezinda dagoenarena. Udako tomate uzta oparoak kristalezko potoetan nola.
Koldo Izagirrek gorputegia zabaldu eta forentse literarioaren ofizioa abiatu du. Gorpua nola dagoen ikusi, zauriak identifikatu eta ustel zatiak banan-banan aztertuta, hilotza garbitu ez ezik, biluzi ere egin du.
Hurrenkera kronologikoan bildu ditu Xabier Leteren poema eta kantu antologarriak, abestirako edo papererako egindako sorkuntzen bereizketa artifizialik egin gabe. Non amaitzen da kantua eta non hasten poesia? Obra osoa batasun bakarrean. Eta poetikaren enigma, erromantizismoa, lur azalera ekartzeko lan gehigarria egin du, antologia didaktiko bat osatuz. Eskua eskaini dio Izagirrek irakurleari, Leteren unibertsoa ezagutzeko xenda proposatu bat.
Orbainetatik harago, gorpu inertearen edertasuna justifikatzeko arrazoiak bildu ditu, nahiz horretarako zornea erretiratzeko lanak egin behar izan dituen. Poemen gainean egindakoaz harago, Izagirrek idatzitako epilogoak balio erantsia ematen dio “Elurra ikusi dut” antologiari, bertan aurki baititzake irakurleak Xabier Leterengana sakonean gerturatzeko klabeak. Gorpua zauritu zuten bakteriak ikusteko mikroskopioa.
Bere figuraren inguruan sortu ziren zurrumurruak zaborretara bota ditu, esamesen estalkia kendu eta pasatutakoak izan ziren bezalako moldean jarrita. Eta horretara dator Izagirreren epilogoko lan gehigarria, gezur eraikiak eraisteko egia borobilak agerian uzteko asmoa.
Eta zauriak agerian uzten hasitan, Izagirreri autopsian zehar zabaldu zaizkionak ere erakutsi ditu. Liburuaren azken orrialdean Koldo Mitxelena kulturguneari erreferentzia egiten dion oharra adibide. Xabier Leteren funtsa bertan gordeta baldin badago ere, idazleak ezin izan du kontsultarik egin.
Heriotzaren arrazoiak deszifratzen ez dituen autopsia bakarra da Izagirrek egindakoa. Ez da bere asmoa izan Lete biziberritzea ere; dolu duin baterako bidea zabaltzea izan du xede, zintzoki egindako saiakera batean. Hilotza apaintzeko makillaje artifizialik gabe.