19 DéC. 2017 Aizkora Larrañagak lortu du Kopako finalerako azken txartela Azpeitiarra azkeneko unean sartu zen, gaixorik zegoen Vicente ordezkatzeko. Jon LEUNDA Mikel Larrañagak lortu zuen Urrezko Aizkorako Kopako finala jokatzeko txartela, azkeneko finalerdian Ruben Saralegi mendean hartu ostean. Azpeitiarra ezustean sartu da, berez kanporatuta baitzegoen, baina Iker Vicente gaixorik zegoen, eta azkeneko unean joan behar izan zen Larrañaga haren lekua betetzera eta baita finalean sartu ere. Aizkolari bakoitzak bi 45 ontzako eta 12 kana-erdiko erdibitu behar izan zituen saioan. Azpeitiarra erabat nagusitu zen, eta merezimendu osoz lortu zuen finalerako txartela. Aurreneko enborra biek batera bota zuten, baina hortik aurrera Mikel abantaila hartzen hasi zen. Bigarrenaren amaieran, 11 segundoko zuloa zegoen bien artean. Saralegik erreakzionatu zezakeela uste zuen bakarren batek, baina gipuzkoarrak ez zion horretarako aukerarik eman. Lan erdietan, aldea handitu egin zuen Larrañagak, eta ordurako zuloa 31 segundokoa zen. Nafarrari geratzen zitzaion aldea laburtzeko tartea, baina ezin izan zuen, eta bukaeran Larrañagak ia bi minutuko aldea kendu zion. Enborrez enbor, hauek izan ziren Larrañagaren denborak: 1.39, 3.39, 6.08, 8.36, 11.41, 13.47, 16.21, 19.02, 21.32, 24.03, 26.48, 29.36 eta 32.19. Saralegirenak, berriz, honako hauek izan ziren: 1.39, 3.46, 6.19, 8.53, 11.33, 14.07, 16.52, 19.28, 21.54, 24.23, 27.54, 31.02 eta 34.03. Finalerdi guztiak amaituta, finala urteko azkeneko egunean jokatuko da Asteasun, eta bertan izango dira Mikel Larrañaga, Mieltxo Mindegia eta Jon Rekondo. Harri-jasotzea Harri-jasotzeko Gabonetako Kopako azkeneko jardunaldia ere jokatu zen herenegun, eta ez zen ezusterik izan, Inhar Urruzunok aurreikuspen guztiak bete eta finala jokatzeko txartela eskuratu baitzuen. Izeta IV.a eta Mikel Lopetegi arituko dira bizkaitarrarekin batera. Kirolari bakoitzak zilindro zaharra, kubikoa eta bola erabili zituen, bakoitza 100 kilokoa, eta lanerako, bakoitzarekin bina minutuko txandak izan zituzten. Urruzunok Eizagirre gaztea izan zuen aurrean, eta bizkaitarra zilindroarekin hasi zen aldeak egiten. 27 aldiz berdindu zuen bizkarrean, eta aurkariari biren aldea kendu zion. Ondoren, kubikoa jaso behar izan zuten, eta bakoitzak 16 jasoaldi lortu zituen, eta azkenik, bolarekin 16 jasoaldi lortu zituen Urruzunok, eta 15 Eizagirrek. Denera, 59 jasoaldi lortu zituen Inhar Urruzunok, eta 56, berriz, Iñigo Eizagirre zarauztarrak.