20 DéC. 2017 IKUSMIRA Bala Ariane Kamio (Euskal) Kazetaria Gustatuko litzaidake norberak bere burua ituan jarriko balu. Abiaduran datozen gezien harleku balitz inoiz norberaren bisaia uzkurtua, gure miserietan zuzenean jotzen duten bala enbenenatuen hartzaile. Agian bitan pentsatuko genuke katuari eragin aurretik. Baina ez gabiltza erruleta errusiarrean jolasean, eta tirokatzaile-tirokatu postuak ez dira errotan bueltaka jartzen. Finkoak dira esparru batzuetan. BECeko olatua oraindik jaitsi gabe zela, Vocento taldeko egunkari batek bere web orrialdean euskaraz idatzitako titular okerra bolo-bolo zabaldu zen sareetan. Izan zitekeen erredaktorearen ezjakintasunagatik, edo, zergatik ez, albistea lehenbailehen idazteko presak sortutako akats humanoagatik. Trufarako ez ezik, leziotarako material gisa erabilia izan zen hanka-sartzea. Aipatu gabe geratu zen txioetan egunkari berbera izan dela txapelketako hedabide laguntzaileetako bat. Eta kontuan izan gabe geratu ere BECen elkartutako jendetzaren artetik zenbatek kontsumitzen dituzten talde bereko egunerokoak. Bigarren tiroa, etxearen kontra, biharamuneko egunkariko azalean txapelketari zegokion albisteari erreferentzia gazteleraz egiteagatik, nahiz barruan zortzi orrialdeetatik zazpi euskaraz idatziak egon; nahiz euskaldun berri batek hizkuntza gakoa duen diziplinan zer sentitzen duen erakutsi; nahiz bezperan 32 orrialdetako GAUR8 osoa eskaini. “Euskararik onena, egiten dena”, zioen txio batek bi balazoei erreferentzia eginez. Egiten denaz harago, pentsatzen duen hizkuntza ere bai, esango nuke nik, gure buruarekin beti koherente izango denaren ahotan dabilena.