Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Egunen segidan etenik ez

Bada bai, zenbakien sasoia da hau, inondik ere. Ez, ez nago aurrekontuez, hor ere zenbakiak nonahi izan arren, zenbakiok zer ezkutatzen duten ez dutela ikusten uzten. Portzierto, beti pentsatu dut “atzekontuak” esatea buruzkoagoa dela aurrekontuak baino; azken finean, lehen kontuak egiten dituzte eta gero aurrekontuak aurkeztu; bertsolarien atzekoz aurrera zenbakien kontuetara eroanda.

Zenbakien sasoia bai. Ez, ez nago parlamentuko aritmetikaz, hori ere botoen arrantzaldia itxi orduko gauean arreta handikoa den arren. Portzierto, bestelako arrantzaldietan ez bezala, botoenean kuotak ez dira aurretik ezartzen, atzetik kontatzen baita nork zenbat jaso. Eta dagoena dago, eta ez dagoena balego!

Hortaz, batzuek legeetan nagusi duten gutun haren zenbakiez baliatuta, eta beren unibertsoan helmuga-unitate hartzen duten zezen-larruko togadunak, letra-biltzaileak, kruzeroetako uniformedunak, eta enparauak, denak lerrotuta ere ez dute lortu Katalunia nahi zuten neguan sartzea, horri begira propio botoen uzta solstizio egunean jarri bazuten ere. Zenbakiek udaberrian jarri dute herrialde hori, behe lainoen artean ibiltzeko moduan behintzat; iparrorratzean asmatzea da beti kontua, edozein klima aldaketatan legez, konplexua perspektibaz kudeatzen asmatzea.

Zenbakien sasoia bai. Ez, ez nago loteriaz, nahiz eta, ez ukatu niri, atzekontuek askoz ere gehiago dutela loteriatik botoek dutena baino. Tira, azkenean ahaztu zait zergatik abiatu naizen zenbakiekin! Ez du ardura. Urtearen zenbaki handienetan gara egunotan, amaitzear dagoen seinale. Urte berrian 1etik abiatuko gara zenbatzen, nahiz eta zenbakietatik harago egunen segida besterik ez dagoen, egunak joan egunak etorri, etenik ez. Denbora zelan baliatzen dugun da kontua, edukiz zelan betetzen dugun. Bada, ondo bete egunotan ere!