28 DéC. 2017 Ezagutza eta abentura batuko ditu Euskarabentura ekimenak Heldu den udan Euskal Herriko herrialde guztiak zeharkatuko ditu Euskarabenturak, zazpi lurraldeen ezagutza, euskara eta abentura uztartuz. Duela bi urte eta erdi hasi ziren egitasmoa antolatzen eta gaur egun bederatzi lagunek osatzen dute elkartea. Uztailean Euskal Herrian Munduko Ondare diren leku guztietara joango dira 120 gazterekin. Martxelo DIAZ IRUÑEA Duela bi urte eta erdi hasi zen egitasmoa hezur eta mamiz osatu da dagoeneko. Euskarabentura ekimena antolatzen duten bederatzi lagunek prest dute datorren udan egingo duten ibilbidea, ezagutza, euskara eta abentura bat eginda gauzatuko dutena. Antolatzaileen izenean atzo Iruñean Iker Goñik eta Irati Labaienek azaldu zutenez, Euskarabenturaren jatorrian kezka bat dago; hots, euskararen ezagutza aurrera doan bitartean erabileraren hazkundea gelditu egin dela. Hori konpontzeko helburuarekin, uztailean Euskal Herrian Munduko Ondare izendatutako leku guztietara joango dira 120 gazterekin. Ekimenaren helburuak euskara sustatzea, euskaldun gazteen sarea sortzea, Euskal Herriaren ezagutzan sakontzea eta genero ikuspegia, turismo jasangarria eta ingurugiroari errespetua bultzatzea dira. 2001. eta 2002. urteetan jaiotako gazteei zuzenduta dago Euskarabentura, eta bertan zazpi lurraldeetako eta diasporako lagunak elkartuko dira. Egitasmoan parte hartu nahi dutenek, hautatuak izateko, motibazio gutun bat eta lan bat igorri beharko dituzte, Euskarabentura.eus webgunean izena emanez. Euskara eta herria, euskara eta emakumeak eta euskara eta itsasoa dira lanek jorratu beharko dituzten gaiak. Lanak historikoak, literarioak, plastikoak, musikalak eta ikus-entzunezkoak izan daitezke, eta horiek igortzeko epea martxoaren 18an amaituko da. Apirilaren 16an ezagutaraziko da hautatuen zerrenda eta abentura uztailaren 1etik 31ra egingo da. Ibilbidea Herrialde desberdinetatik abiatuta Maulen elkartuko dira parte hartzaileak. Done Jakue bide frantsesa hartuta, Donibane Garazi eta Iruñea pasatuz Vianaraino helduko dira. Hortik Errioxako Donemiliaga Kukulara joango dira, euskarazko lehen idazkiak topatu ziren monasteriora. Hortik, Añanako gatzagetara joko dute, barnealdeko Done Jakue bidea alderantzizko norabidean eginez, Txingudiraino heltzeko. Handik Baionara iritsiko dira kostaldeko Done Jakue bidea egiteko. Altxerri, Ekain eta Santimamiñe ikusteko parada izango dute. Abentura Getxon amaituko da, Bizkaia zubian.