Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Bihar arte!

Kontrara banoa ere, aitor dut: ez naute batere motibatzen urte amaiera-hasierako egun-gau transgenikook! Batere ez. Pentsatu nire egoera zelakoa den, ezen batzuetan prentsan saiatzen naizen ihesbideren bat topatzen. Horra, kasuko, lehengokoa; ordubete eman nuen inozente egunean komunean, prentsa eskuan, orriak aurrera orriak atzera ilustratu nahian, inozentada harrapatu gurarik. Bai zera! atal guztietatik pasatuta ere ez nintzen gai izan, ekonomian, politikan, nazioartekoan, eskeletan eta iragarkietan ere inozentadarako nahiko motiborik susmatu arren. Amen. Azkenean etsi egin nuen eta komunetik alde egin ere bai, zisternari bi bider eutsita.

Urte amaiera-hasierako egun-gau transgenikootan betiko galderak datozkit buru aldera, urtez urte bete gabe uzten ditudanak, Gernikako Estatutuaren sindromea banu bezala. Kasu baterako, nongo espazioa uzten dute libre egunotan kale bazterren espazio guztiak, espaloiak barne, betetzen dituzten autoek? Zein espaziotan husten dituzte zakarrontzi berdeen beirazkoak espazio horiek ere autoek hartuta daudenean? Eta postontziko zorion-txartelak? Portzierto, hainbeste I+G+B eta hainbeste 4.0, zergatik segitzen dugu botilak zakarrontzietan apurtzen? Bai, nire buru barruan ere gero eta espazio gutxiago dago pentsatzeko, espazio gehiena galderek hartzen dutelako. Tira, beti daukat belarrien kanpokoa baliatzeko!

Aireko espazioa ere lepo, mezuak elkarren kontra egiten dutela, dzart! Hortaz, kontuan hartuta jendeak mezuetan hitzak jan egiten dituela ez ninduke harrituko mezuen talkatik esaldi osoak ateratzea! Diskurtsoen sasoia ere oraingoa, benetan zer ondo gauden esatekoak. Mon Dieu! Bati entzuna diot berrikitan ezin dela Interneten espaziotik gobernatu; kolpea gero! Internetek gobernatzen gaituenean! Tira, bestelako espazioak behar dira! Beraz, bihar arte!