GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Gabon distiratsuegiak tarratadak disimulatzeko


Ez dakit seguru gustatzen ote zaizkidan. Gabonak, diot. Lehen baietz esaten nuen, pentsatzen nuelako alde/kontra, bai/ez klaseko eztabaida guztietan beharrezkoa zela toki batean edo bestean garbi kokatzea. Orain, baina, badakit «ez dakit seguru» edo «zalantzak ditut» modukoak lasai ederrean esaten. Eta horrelaxe nago, urte berriko lehen egun arruntak esnatu nauen honetan, kafesnearekin sesioan, Gabonak gustatzen zaizkidan edo ez pentsatzen.

Irratian esan dute adin txikiko neskato bat bortxatu dutela. Barakaldon, adin txikiko lau gizonezkok. Oraingoz, urte berriak berritik gutxi eta zaharretik gehiegi duela pentsatu dut. Egunkari espainoletan irakurri dut kasik urte eta erdi desagertuta zegoen emakumezkoaren gorpua agertu dela. Bahitu, eraso egin eta akabatu zuen gizonezkoaren bizitzaren berri zehatza dakarte. Zehatzegia.

Erasoen bortitza eta nazka gainetik kendu ezinda ere, neska madrildarraren erailketaz idatzi diren ehunka eta ehunka lerroetan batek eman dit atentzioa. Desagertu zen gauean lagun bati idatzi zion «ijito» bat «morena» esanez segika zuela eta beldurra sentitzen zuela kontatuz. Mezu hori tarteko, poliziek fokua nabarmen jarri omen zuten ferianteen gainean, erasotzailea haien artean zelakoan. Egon zitekeen, baina ez. Hori baita penagarriena: gau berean gizonezko batek jazarria eta beste batek bortxatua eta eraila izan daiteke egunotan emakume bat.

Derrepente itzali zaizkit argiak eta lurrin iragarkiek kiratsa hartu dute. Gabon distiratsuegiak tarratadez betetako jendartearentzat.