GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Urrutira gabeko gogoeta


Hogeita hamar urte igaro eta gero, gogoeta besterik ezingo da egin; ia protagonista guztiak zenduta izango direlako, besteak beste. Baina hori behintzat, gogoeta, egitea merezi duela esango nuke.

Irlandako Errepublikan dokumentu batzuen hogeita hamar urteko isilpekotasuna burutu izanak argitararazi du bat benetan deigarria izango dena... batzuentzat. Arestian argitara eman den 1987ko dokumentu horretan, Ipar Irlandako UVF erakunde terrorista unionistaren buruzagitzak jakinarazten zion, zuzenean, orduan Irlandako Errepublikako taoiseach-a (lehen ministroa) zen Charles Haugheyri bi urte lehenago, oposizioburu zenean, MI5 britainiarrak aukeran eskaini ziela bera hiltzeko behar beste informazio. Eta horri uko egin ziotenez, (auskalo nork egindako) hilketaren erantzukizuna UVFk bere gain hartzea ere proposatu zitzaiela. Horri ere uko egin omen zioten; lehen ere, horrelako lan zikin gehiegi eginak omen zirelako.

2006an bere ohean hil zen Charles Haughey. “Houdini”-ren ibilbide politiko eta pertsonala ezin da hemen laburtu; liburua, eta lodia, behar litzateke horretarako. Baina gogoratu behar da ordurako irlandar legebiltzarkidea zela 1957tik, lau bider ministro izana, Fianna Faileko buruzagia... Eta Irlandako Errepublika, Erresuma Batua bezalaxe, Europako Ekonomia Erkidegokoa zela, 1973tik. Proposaturiko magnizidioa ez zela nolanahikoa, alegia.

Izan ere, elukubrazio mordoa egin egin baitaiteke gaztigu ilun horren inguruan; baina zalantza gutxien sortzen duena da asmoa izan izan zela. Eta UVFk kontatu moduan izan zela, gutxi gorabehera; sinesgarritasunez janzten duten inguruabar gehiegi dituelako. Hortik aurrera, jakin beharko litzateke MI5eko, edo haren gainetiko, zein mailatatik abiatu zen, ez baita behe- edo erdi-mailako morroi batek abiaraz dezakeenetakoa. Eta gainerako guztia.

Gerra Zikinari buruz jakin beharreko guztiaren jakitun direla uste dutenentzat gogoeta-gai izan behar luke. Gutxienez.