11 JAN. 2018 (H)ilbeltza, huts egitea krimena denean Datorren astean Baztanera hurbiltzeko deia egiten duen spot bat hedatu da sare sozialetan. Arrakastatsua da zuri-beltzezko film laburra. Eta aurten ere egitarau oparoa prestatu dute nobela beltzaren inguruan. Ilbeltzaren 15etik 21era liburu aurkezpenak, zinema, solasaldia, susmagarrien gaua eta antzerkia nagusi Nafarroako Baztan eskualdean. Dernière mise à jour : 11 JAN. 2018 - 10:15h Patxi GAZTELUMENDI ARIZKUN Itxaro Bordaren pistolak ez du hutsik egin. “Krimena huts egitea da” adierazten du idazleak zuri-beltzezko film laburrean, eta guztiok jakinaren gainean gaude jadanik. Ilbeltza, Baztan eta nobela beltza euskaraz sustatzeko ahaleginean hasieratik lanean ari den Elurre Iriarte literaturazaleak aurtengo emaitzaren berri eman digu: «Lehendabiziko urtetik izan dugu spota egiteko nahia eta zenbait saiakera egin ditugu. Ongi ziren ere, doike, baina aurtengoa izan da bilatzen genuen hori. Badu beltzetik, badu Baztandik eta badu umoretik. Arrakasta izan du gure artean ere eta Itxaro Borda agertzeak pisua ematen dio arrakasta horri». Loading player... Eta jarraian aurtengo programazioaz xehetasun batzuk eskaini ditu baztandarrak, astebeteko egitarauan zeri erreparatu nahi izan dioten adieraziz: «Egia erran, ez dugu izaten gauza zehatz bat begi bistan, baina egia da larunbat goizeko mahai-ingurua izaten dela gure erdigunea. Literaturan eta ikus-entzunezkoetan estereotipoak nola garatzen diren da gure kezka eta parte hartuko dutenek horixe aztertuko dute, trama beltza genero ikuspuntutik». Urtarrilaren 15ean, astelehenarekin, “Telleria eta gero, zer?” Ernesto Prat Urzainkiren nobelaren aurkezpenarekin abiatuko da egitaraua Arizkungo liburutegi beltzean. «Egitarauan zerbait azpimarratzea zaila da. Urtero errepikatzen ditugunak daude: ipuin-ibilaldia, susmagarrien gaua eta liburu aurkezpenak», baina urtetik urtera aldaketak ere gehitu dizkiete ohiko hitzaldi eta solasaldiei. Elurre Iriarteren aburuz, «errepikatzen ditugun horiek funtzionatzen badute, gertutasuna ziurtatzen dutelako da, eta horrek ematen dio (H)ilbeltzari izaera berezia». Hala ere, eta aurten zerbait azpimarratzekotan, «Txomin Peillenekin izan dugun harremanetik aterako diren solasaldia eta liburua izaten ahal dira», adierazi du zuhurtzia handiz Iriartek. «Bere ipuin batzuk biltzen dituen liburua argitaratu dugu Maiatz eta Pamielarekin batean eta hori berrikuntza da aurten». Solasaldia ere interesgarria izanen dela aurreratzen dute antolatzaileek, eta horretarako Peillen bera Jose Angel Irigarairekin batean paratuko dute mahai-inguruan. Urtero ez, baina noizbait egin izan duten bertze ekitaldi bat irakurraldiak dira. «Aurten ‘Hamairu ate’ liburuan oinarrituta ikuskizun bat eginen dugu, Mitxel Sarasketa itzultzailearekin eta Iñigo Belzunegi musikariarekin». “Hamairu ate” liburua Joseba Sarrionandiak eta Mitxel Sarasketak 80ko hamarkadaren hasieran espetxean itzulitako idazleen ipuin laburrak dira. Joseba Sarrionandiak Ilbeltzarako testu bat igorri du, eta ikuskizun horrekin itxiko dute aurtengo programazioa. Azkenaldian, urtaro bakoitzean bada literatur ekimen sendo bana gutxienez Euskal Herrian. Udazkenean Durangoko Azoka arrakastatsu joan da, neguan (H)ilbeltza Baztanen, udaberrian Maiatz-aldia izaten da Baionan eta Literaturia Zarautzen, Poesia Egunak udan Ean. Pozik daude Ilbeltzako antolatzaileak «argazki horren parte izateaz». Elurre Iriartek «kontent eta harrotasunez» bizi dutela aitortzen du. «Batetik ematen du negua pausarako dela eta ezin dela gauza handirik antolatu, baina argi dago urtea gogoz hasteko baliagarria zaigula. Eta bertzetik, horren arrimuan saiatzen gara –baita lortu ere– bertze ekitaldi guzi horietarat hurbiltzen. Harreman bat sortu da eta hori ona da guretako, egonaldi horietatik sortzen diren ezagutzetatik (H)ilbeltzarako ekitaldiak ere sortzen direlakoz». ESTEREOTIPOAK «Literaturan eta ikus-entzunezkoetan estereotipoak nola garatzen diren da gure kezka eta parte-hartzaileek horixe aztertuko dute, trama beltza genero ikuspuntutik».