GARA Euskal Herriko egunkaria
sokatira

Ibarrak txapela lortuz ekin dio Zortziko Goma Gaineko Euskal Herrikoari


Ibarrak irabazi du urteko aurreneko txapela, berak bereganatu baitzuen 680ko Euskal Herriko titulua. Maila honetan jardunaldi batera jokatu da, eta gipuzkoarrek erabateko nagusitasuna erakutsi zuten.

Moreek saioko tiraldi guztiak irabaziz lortu zuten txapela, gainerakoei inongo aukerarik eman gabe. Bigarren postua Gaztedirentzat izan zen. Laukizkoek galdu egin zuten Ibarrarekin, Beti Gazterekin berdindu, eta gainerako tiraldi guztiak irabazi zituzten. Podiuma Sokarrik osatu zuen. Hauek Ibarrarekin eta Gaztedirekin galdu egin zuten, Muruetarekin eta Abadiñorekin berdindu, eta gainerakoak irabazi egin zituzten.

Aipaturiko taldeen atzetik, Zuraide, Murueta, Beti Gazte, Abadiño eta Gabadi-Jutsi sailkatu ziren. Nafarroa Behereko taldeak ez zuen oso egun ona izan, jokatu zituen tiraldi guztiak galdu egin baitzituen. Hemendik aurrera hasiko dira gainerako mailak, eta horietan hiru jardunalditara jokatu beharko dute. Hala ere, Ibarrak jo du lehenengo kolpea, eta hasi bezain azkar lortu du aurreneko garaipen handia.

Emakumezkoetan, 540ko lehenengo jardunaldia jokatu zen, eta horretan hiru jardunaldiko ligaxka jokatu beharko dute. Berdintasun handia aurreikusten zen talde guztien artean, baina gero dena garbi joan zen, eta hemendik aurrerako erreferentziarako ere balioko du. Badaiotz izan zen onena; arabarrek jokatutako tiraldi guztiak irabazi zituzten, eta txapela lortzeko bidea hartu dute, nahiz eta bide beretik jarraitu beharko duten gasteiztarrek.

Gaztedik lortu zuen bigarren postua. Bizkaitarrek galdu egin zuten Badaiotz taldearekin, baina gainerako talde guztiak mendean hartu zituzten. Hirugarren postuan amaitu zuen Ibarrak. Gipuzkoarrek Beti Gazteri irabazi egin zioten, baina gainerako tiraldi guztiak galdu egin zituzten. Sailkapena Beti Gaztek itxi zuen; nafarrek jokatutako saio guztiak galdu zituzten.