GARA Euskal Herriko egunkaria
Harri-jasotzea

Lopetegik astindua eman dio zilindroari


Mikel Lopetegik marka handia egin zuen Aian, 100 kiloko zilindro zaharrari hiru minutuko txanda bakar batean 43 jasoaldi emanez. Une honetan, gainera, harri horrekin denbora horretan inork egindako markarik onena berea izango da.

Ustez, Zelai ere harri horrekin denbora berean jasoaldi kopuru bera eginda omen dago, baina hori ziurtatzen duen dokumenturik agertzen ez denez, eta agertzen ez bada, zarauztarrarena izango da marka. Agertuko balitz, berdinduta geratuko lirateke. 

Marka ikaragarria egin zuen Lopetegik, eta are gehiago duen adina kontuan hartzen bada, oraindik 21 urte besterik ez baititu, eta garbi dago etorkizunean gauza asko eta handiak egin ditzakeela. Harri txikiekin sekulako maila du kirolari zarauztarrak.

Egindako marka izugarria da, baina zarauztar gaztea ez zegoen erabat pozik, ez omen zen-eta gustura aritu. «Egia esan, ez naiz gustura aritu. Ez naiz urduri jartzen naizen horietakoa, baina gaurkoan urduri plazaratu naiz, eta ezin izan dut nahi bezala gozatu», esan zuen saioaren amaieran.

Hiru minutuan 43 jasoaldi ematea latza da, eta zarauztarrak, Izeta II.aren gidaritzapean, lan aparta egin zuen. Ziztu batean jardun zuen, atseden handirik hartzeko betarik gabe. Orain marka berea da, pertsonala behintzat seguru, eta Zelairen agiria agertzen ez bada, harri honekin denbora horretan egindakoa ere berea izango da. Seguru asko, marka hau hobetzeko ahalegina ere egingo du, gaitasunik ez baitzaio falta.