22 JAN. 2018 Harri-jasotzea Xabier Peñagarikanok irabazi du Errota Harria Txapelketa J.L. Xabier Peñagarikanok irabazi zuen atzo Zestoako Iraeta auzoan jokatu zen Errota Harria Txapelketa. Eizmendi zen irabazteko faboritoa, baina zarauztarrak azken postuan amaitu zuen. Kirolari bakoitzak 107,2 kiloko harria erabili behar izan zuen. Hasieran sei ziren parte hartzekoak, baina azkenean Jon Gisasola ez zen jardun. Bakoitzak hiru minutuko txanda bakar izan zuen lanean jardun ahal izateko. Xabier Peñagarikano izan zen azkena lanean jardun zuena, eta gainerakoen marka guztiak apurtu zituen 28 jasoaldi egin eta lehen postua eskuratuz. Bigarren postua Beñat Telleriarentzat izan zen 27 jasoaldirekin. Hirugarren postuan Inhar Urruzuno sailkatu zen, eta bizkaitarrak ere 27 jasoaldi lortu zituen, baina Telleria aurretik jardun zen lanean, eta horregatik izan zen beretzat bigarren postua. Imanol Albizuk eskuratu zuen laugarren postua, eta Elgoibarkoak harria 26 aldiz lortu zuen berdintzea. Azken lekuan amaitu zuen faboritoa zen Eizmendik, 24 jasoaldirekin. Urrezko Aizkorako harri-jasotzaileen Torneoan, berriz, oraingoan Goenatxo III.aren txanda izan da, eta azkoitiarrarena izango da orain arteko guztietan markarik ahulena. Berak sei jasoaldi eman zizkion 175eko errektangularrari bi minutuan, eta denbora berean 5 eman zizkion 150eko kubikoari. Denera 11 jasoaldi lortu zituen, eta 1.800 kilo bizkarreratu zituen kirolari azkoitiarrak.