03 FéV. 2018 Aizkora Finalerako lehen txartela banatuko da Abadiñon Alberdi eta Atutxa Mugertzaren eta Otaegiren aurka jardungo dira mutiletan, eta Astondoa eta Sorondo, nesketan. Arratsaldean Arantzan izango da saioa. Jon LEUNDA Urrezko Aizkorak bina saio izango ditu gaur mutilen Binakakoan zein emakumezkoen Buruz Burukoan. Aurrenekoa goizean, 12.00etan, Abadiñoko probalekuan izango da, eta arratsaldean, 19.00etan, Arantzan izango da saioa. Bizkaian, mutiletan, A multzoko lehen postua egongo da jokoan. Alberdi eta Atutxa Mugertza II.aren eta Otaegiren aurka arituko dira. Irabazleek finala jokatzeko txartela eskuratuko dute, eta galtzen dutenek, berriz, finalerdia jokatu beharko dute, finalean hiru bikote izango baitira. Multzo bakoitzeko aurrenekoak finalean izango dira, eta hirugarren bikotea jakiteko, bigarren geratzen direnek finalerdia jokatu beharko dute. Nafarroako saioan, berriz, B multzoko jardunaldia izango da. Bertan Larretxeak eta Larrañagak Azurmendiren eta Rekondoren aurka jokatuko dute. Lehen bikoteak jadanik saio bat jokatu du, eta galdu egin zuen. Aurrera egin ahal izateko gaurkoa irabaztera behartuta daude. Azurmendirentzat eta Rekondorentzat, berriz, aurreneko norgehiagoka izango da. Emakumezkoen Buruz Burukoan, berriz, gaur Abadiñon Irati Astondoa eta Nerea Sorondo neurtuko dira. Bi aizkolariak agertzen dira irabazteko premiarekin, jokatutakoak galduta baitaude. Sorondok ez du atseden hartzeko tarte handirik izango, arratsaldean Arantzan izango baita, eta han Maika Ariztegiren aurka jokatu beharko du. Ariztegik badaki irabaztea zer den, eta berriro garaipena lortuko balu, finala jokatzeko txartela ia eskuetan izango luke. Harri-jasotzeko lehiaketan, Goenatxo III.a izango da lanean gaur goizean Abadiñon, eta Aimar Galarraga izango da Arantzako jardunaldian jardungo den kirolaria.