03 FéV. 2018 IKUSMIRA Memoriaren bidezidorrak Iraia Oiarzabal Kazetaria Iraganean bizitzea kaltegarria dela esan ohi da, itxi gabeko zaurien gainean aritzeak ez ote duen sufrimendua areagotzen. Baliteke egia izatea, min hori sendatzeko bidea memoriak gordetzen dituen gertaera gogorrenei behar duten erantzuna ematea izan daitekeen bezalaxe. Horretaz pentsatzen aritu naiz orain dela ez asko, ondoko besaulkian haurra nintzela ipuinak kontatzen zizkidan hark bere bizitzako trantze gogorrenaren errelatoa josten zuen bitartean. 90 urteen atarian, berea duen bizitasuna ez du galdu. Bai, ordea, memoria. Baina gauzak nola diren, ordu batzuk atzera izandako elkarrizketa gogoratzeko gai ez bada ere, duela 80 urteko kontuak gaur gertatu balira bezala oroitzen ditu. Nahasmen izpirik gabe aipatu ditu bere familiak gerra garaian bizitakoak. Sei urte zituela fusilatu zuten osaba eta zortzi senidez osatutako familiaren etxera batu ziren alargun gelditutako izeba eta bi alabak. Urte gogorrak baina zoriontsuak deskribatu ditu gero eta, azkenik, behin eta berriz errepikatzen dituen baieztapena eta zeharkako galdera. «Ondo dakit nork eta noren aginduz hil zuen osaba. Auskalo non dagoen». Bizi osoa erantzun baten zain eta horri eutsi nahian jarraitzen du. Orrialde hauetan jasotzen dugu gaur Ezkaba eta Urepel batzen dituen 53 kilometroko bideari buruzko erreportajea. 1938ko Ezkabako espetxeko ihesa gogoratu eta haren ondorioz kartzela eta heriotza sufritu zutenen memoriari aitortza gisa. Euskal Herrian, historia beltz bati argia jartzeko lan handia egiten ari da eta aitortzekoa iruditzen zait. Etorkizunak beharrezko duelako bide bazterretan lurperatutako historia memoriaren bidezidorretara ateratzea.