05 FéV. 2018 Aizkora Atutxa eta Alberdi final handian izango dira Ugaitz Mugertza eta Joseba Otaegi hartu dituzte mendean Abadiñon, eta aurreneko helburua lortu dute. Jon LEUNDA Atutxa-Alberdi eta Azurmendi-Rekondo bikoteak izan dira asteburuan jokatutako Binakako Urrezko Aizkorako jardunaldiko bi onenak. Atutxak eta Alberdik sei probetatik bostetan lortu zuten garaipena. Zeinek kolpe gutxiagotan 45 ontzakoa moztu izan zen aurreneko lana, eta, ondoren, zeinek 45 ontzakoa azkarrago moztu neurtu ziren, eta sei segundoko aldea lortu zuten bizkaitarrak eta gipuzkoarrak. Mugertzak eta Otaegik hirugarren lanean lortu zuten garaipena; kana-erdikoa zortzi segundo aurretik bota zuten. 60 ontzakoa moztu zuten laugarren lanean, eta Atutxak eta Alberdik zazpi segundoko aldea lortu zuten. Zutik jarritako 45 ontzakoa ebakitzen eta etzanda jarritako kana-erdikoa ebakitzen, berriz, beste sei segundo sartu zizkieten. Errematea, iraupen proban eman zuten. Seina 60 ontzako ebaki behar izan zituzten, eta minutu erdi bateko aldea lortu zuten. Lan guztia egiten, 19 minutu eta 45 segundo pasa zituzten Atutxak eta Alberdik, eta 21 minutu eta 25 segundo Otaegik eta Mugertzak. Bigarren saioan, Azurmendik eta Rekondok lortu zuten garaipena. Bakoitzak hiruna proba irabazi zituen, baina bosgarren proban Azurmendik eta Rekondok lortu zuten aldea guztiz erabakigarria izan zen amaieran. Lan guztiak burutzen 19 minutu eta 43 segundo pasa zituzten Azurmendik eta Rekondok, eta, Mikel Larrañagak eta Donato Larretxeak, aldiz, 20 minutu eta 32 segundo. Emakumezkoetan, bi neurketa jokatu ziren. Astondoa izan zen goizeko irabazlea eta arratsaldean Ariztegi eta Sorondo berdinduta geratu ziren. Bietan, oinbetekoa zeinek azkarrago moztu neurtu ziren, eta, ondoren, zeinek bina 45 ontzako lehenago amaitu. Astondoak biak irabazi zizkion Sorondori. Bizkaitarrak 14 minutu eta 56 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko, eta, nafarrak, 15 minutu eta 40 segundo. Arratsaldean, berdinduta geratu ziren Ariztegi eta Sorondo. Lehenengoak aurreneko proba eraman zuen, eta bigarrena Sorondok. Bakoitzak 7 minutu eta 58 segundo behar izan zituen.