GARA Euskal Herriko egunkaria
ANDINISMOA

Patagoniako ohiko denboraldian mugimendua izaten ari da

Orain arteko eguraldiaren leiho on txikiak aprobetxatuta, nazioarteko eskalatzaileek Solo, Adela, Pollone eta Guillaumet bezalako erpin eta orratzetan bide eta aldaera berriak egin dituzte. Goi mailako xedeak iragarri dituzte, baina une egokiena itxaroten ari dira.


Lasai asko esan dezakegu Patagoniako ohiko denboraldia hasi zenetik denbora luzea igaro dela. Pare bat hilabete, bederen, bai. El Chaltenetik aipatu digutenez, hasiera ez zen batere ona izan. Eguraldiak ez zuen lagundu, eta eskalatzaile gutxi izan ziren hango erpinetan zer edo zer egiteko aukera izan zutenak. Baina, hori bai, ezer gutxi.

Ondoren, eguraldia pixka bat lasaitu zen, baina, Patagonia izanik, aurreratu dezakegu ez duela oso ona egin. Bederen, leiho on txiki batzuk izan dira, eta, horiek aprobetxatuta, nazioarteko eskalatzaileak korrika eta presaka esku artean zituzten xede “txikiak” egitera abiatu ziren. Eta hainbat erpin eta menditan bide eta aldaera berriak egiteko gai izan dira.

Badira ere helburu handiagoak dituztenak, baina, horiek guztiek iragarri dutenez, leiho on luzeagoak behar dituzte. Hori guztia aipatu ondoren, orain arte egin diren jarduera azpimarragarrien laburpena egingo dugu. Eta hasi Cerro Piergiorgiotik hasiko gara; izan ere, erpin horretatik lehen berria jaso dugu dagoeneko.

Quentin Robberts kanadarra eta Juho Knuuttila finlandiarra goiztiarrenak izan ziren. Bada, abenduaren 13an, sokada horrek erpinaren bigarren igoera lortu zuen. Hura eskalatzeko eki aurpegia aukeratu zuten. Niponinotik goizeko betan irten eta arratsaldeko lauretan gailurra egin zuten. Sei ordu eta erdi geroago, Niponinon zeuden. Protagonistek aurreratu dute bidearen erdialdean bi luze askatu zituztela: «Lehena A1 bezala zegoen, eta guk era askean M6R/X (35 m) eskalatu genuen. Bigarrenak, 50 metroko luzea, M6 gradua dauka. Azken luze hori duela zortzi urte Jonatan Griffith eta Will Simeek estilo berean igo zuten. Bide ia osoa librean sinatzeko zorian egon ginen, baina azken metroetan rapel bat egin behar izan genuen».

Bien bitartean, Austin Siadak eta James Monypennyk Cerro Solon jardun dute. Mendiaren hego-mendebaldeko aurpegian “The French Connection” marra (90º, M6, A0) sortu dute. Antza denez, Siadak erpin horrekin harrapatuta dago; izan ere, azken honekin hiru dira jada bertan zabaldu dituen bideak. Eta soilik urtebeteren buruan: «Zalantzarik gabe, Cerro Solok aukera zabala eskaintzen du jarduera interesgarriak egiteko; batez ere, iazko zein aurtengo denboraldiek eskainitako baldintzak kontuan hartzen baditugu».

Bestalde, Hego Cerro Adela mendian Vlad Capusan eta Torok Zsolt errumaniarrek aldaera interesgarri bat sinatu dute. Urtarrilaren 14an eta 15ean leiho on txiki bat iragarri zuten, eta, hura baliatuz, lehen urratsak egin zituzten. Eki espoloian 1967. urtean hiru argentinarrek osatutako talde batek ireki zuen bidea aukera zuten. Errumaniarrek era askearen aldeko apustua egin zuten, eta ageriko murru batean sei luze (M5+ eta WI4) gainditu zituzten.

Denera, protagonistek onartu dutenez, hamazazpi orduko eskalada izan zen: «Mendiaren gailurreriara iristen den murru on bat aztertu genuen; hain zuzen ere, orain arte igo gabe zegoena. Goizeko hiruretan martxan ginen, gure asmoa eguzkia agertu aurretik hormaren oinarrira heltzea baitzen. Zazpietan bidearen sarreran ginen, eta lehen luzeak izotzean eta mistoan egin genituen. 200 metro izan ziren, horietako tarte asko oso tenteak. Gailurretik 200 metrora ginela, ekaitz batek harrapatu gintuen. Nahiz eta mistoko azken sekzioak zailak ziren oso, aurrera jarraitu genuen. Hamazazpi ordu eta 1.900 metroko eskaladaren ostean, tontorrera heldu ginen».

Eskalatzaile errumaniarrek oraindik jaitsiera aurretik zuten, eta onartu dute epikoa izan zela: «Eguraldia gehiago okertu zen; haizete basatiak jasan behar izan genituen. Artesi bat aurkitu eta han bibak bat egitea erabaki genuen. Zoritxarrez, ezusteko handia izan genuen; izan ere, izotz-zubi bat puskatu eta pioletetatik zein soketatik zintzilik geratu ginen. Adrenalina gehiegi zenez, handik irten eta pixka bat beherago elurrean zulo bat atondu genuen. Bizkar-zaku bat babes bezala jarri genuen, baina haize bortitzak eraman zuen. Gau epiko bat igaro ondoren, Adela glaziarrera onik iritsi ginen. Eremu horretan dauden serac arriskutsuak zeharkatzea izugarri zaila izan zen: errusiar erruleta!».

Beste ekimen batzuk

Guillaumet Orratzak ere bisitarik izan du. Horietako bat Matias Korten argentinarrarena eta Juvenal Condori boliviarrarena. Mendi gidariok eki aurpegian jardun dute, eta hainbat bideren loturak egin dituzte: «Gure uste apalean, loturokin proposamen ederra sortu dugu; izotz asko zegoen, eta horrek asko lagundu zigun».

Beste orratz batean, Val Biois izenekoan, Lutz Zybell, Felix Gitzlaff eta Tom Ehrig alemanek “La torcida” bidea sortu dute. Erpinaren eki aurpegian izan da, eta lehen hamabi luzeetan gehienez 7a gainditu behar izan zuten. Mistoko tarte batzuk ere eskalatu zituzten. Ondoren, “Filo Sur” marrarekin bat egin, eta, gailurrera abiatu ordez, jaitsierari ekin zioten.

Amaitzeko, Patagoniako erpinetan eskarmentu handia duten bi eskalatzaile aipatu behar ditugu: Luca Schiera eta Matteo Della Bordella. Bada, bi italiarrok Cerro Polloneko ipar-mendebaldeko paretan “Maracaibo” bidea (7a, C1, 300 m) zabaldu dute elkarrekin.

Gogoratu behar dugu, Schiera eta Della Bordella Italiako “Ragni di Lecco” talde ospetsuaren kideak direla, eta Patagonian jarduera oso interesgarriak egin dituztela. Della Bordellak, adibidez, zortzi urte darama jarraian Patagoniako paretak bisitatzen.

El Chaltenen biltzen diren eskalatzaile guztiak bezala, protagonistok ere leiho on baten zain izan ziren. Eta joan den urtarrilaren 25an, Cerro Pollonen 300 metroko proposamen berri hori sortu zuten. Jaitsiera, berriz, mendiaren beste aldetik egin zuten. Denera, 24 orduko joan-etorria izan zen.

Della Bordellak aurreratu du egonkortasunaren zain denbora asko egin zutela: «Geure bidaiaren lehen zatia marra berri bat irekitzen amaitu dugu. Egun asko eta asko ezer egin gabe egon gara; beno, hobeto esanda, eguraldi gaiztoari begira ordu asko igaro ditugu. Leiho on bat iragarri zuten, eta, guk aukeratutakoko paretak elurra eta izotza askatu zituenean, lehen urratsak egin genituen. Cerro Polloneko murru hori asko aztertu dut, eta harritu nauena da soilik bide bat zabalduta zegoela».

Urtarrilaren 25ean, goizeko 7etan, eskaladari ekin zioten: «Zabaldu ditugun metroetan denetarik aurkitu dugu. Luze batzuk errazak ziren; beste batzuetan, berriz, estutu behar izan genuen. Gailurreriatik 50 metrora, kalitate txarreko arrokarekin egin genuen topo. Pendulu batek granito trinko batera eraman zigun. Gailurrerian, berriz, haizete zakarra indartu eta eguraldia okertzen hasi zen. Nahiz eta hainbat bilera rapelatzeko antolatu, Polloneren ohiko bidetik jaistea erabaki genuen. Orain, bidaiaren bigarren zatia hasten da. Paolo Marazzirekin Luca Paineko Dorreetara joango da, eta ni Silvan Schupbachekin Cerro Riso Patronera noa. Ea zorte dugun».