Idoia ERASO
BAIONA

Lapurdin pastoral berria egiten ari dira, «Andere Serora Hiriburun»

Hiriburuko historiaren 800 urte kontatzen dituen pastorala estreinatuko da ekainaren 3an, eta irailaren 16an bigarren emanaldia eginen da. Lapurdiko herriak mendeetan zehar izandako ibilbideari jarraikortasuna eta batasuna emateko Andere Seroraren pertsonaia hartu dute protagonistatzat, garaian etxeko aferen gaiak lantzen zituen pertsona publikoa. Alain Iriart auzapezak sustatu du proiektua herriaren birmoldaketa ospatu eta herria elkartzeko.

«Lau urtean bi pastoral egin dira Lapurdin, eta horien inguruan talde artistiko bat sortu da, gai dena aurrera eramateko horrelako hirugarren ikusgarri baten antolaketa», baieztatu zuen Patxi Iriartekin batera “Andere Serora Hiriburun” pastorala idatzi duen Guillaume Irigoyenek. Osatu den talde horren baitan kokatzen da Pantxika Urruty errejenta. Duela bi urte egin zen “Katalina de Erauso” pastoraleko taula-zuzendaria ere izan zenak, aurrekoan bezala Zuberoako pastoralen arauak atxikiko dituztela baieztatu zuen: «Aurten ere atxikitzen ditugu kodeak; gorriak urdinen kontra ariko dira, eta, erdian, zuriak. Ez dugu xerkatu tradizionala ez den zerbait egitea».

Tradizioan pertsonaia baten inguruko epopeia bat izaten da obraren mamia, oraingoan, aldiz, Hiriburuko historian zehar bidaia proposatuko da. «Funts gramatiko bat atzemateko argi iruditu zaigu Andere Seroraren pertsonaiak behar zuela izan hiriko historiaren lekuko», azaldu zuen idazleak.

Eta sujetari buruz gaineratu zuen: «Gutxi ezagutzen den pertsonaia hori, garaian emakumeek gizartean zuten lekuaren adierazpena da. Auzapezak kanpoko gauzak antolatzen zituen bezala, Andere Serorak etxe barruko errituak zituen zaintzen. Guri iruditzen zaigu biak hein berekoak direla».

Erdi Arotik XX. mendera

Zortzi mendeko ibilbidea hainbat partetan banatuta dago: Erdi Aroko “Beltzuntzen eta herensugearen legenda”; Frantziako Iraultza aitzin; Iraultza eta bere ondokoa; Lehen Mundu Gerraren ondokoa, eta, azkenik, Andere Seroraren heriotza. Lan horren gauzatzeko ikerketa lan handiak egin dituzte idazleek, eta, bereziki, Gilbert Desport hiriburutarrak XX. mendearen hasieran idatzi zuen obran oinarritu dira.

«Historian bezain beste denbora pasatu dugu jaikialdiak egiten. Nahi genuen euskara bizian egitea pastorala, ez dugu nahi bertseta izan dadin musika bat gehiago, nahi dugu euskara ere aktore izan dadin», baieztatu zuen gidoilariak. Tradizioan oinarritu obra baldin bada ere, ez da zuberotarrez egina izan, idazleen euskalkiak diren lapurteraz eta behenafarreraz baizik.

Errejentak ere dinamismoa eman nahi izan dio antzezlanari: «Andere Serora mendeen lekuko bezala iragaten da, gertakariak bizitzen ditu, eta horretan ez da berdin aurtengo obra. Horregatik taula jokoa gehiago izan behar da biziki xehea, koreografia mailan, kantoreekin...». Eremu horietan laguntza izan du zuzendariak, Sophie Larrandaburu ari baita kantu gidaritzan eta Roger Goyheneche dantza koreografian.

Talde ederra bildu da proiektuaren inguruan: Pastorala Hiriburu 2018 elkartea sortu da egitasmoaren antolaketarako eta taula gainean adin guztietako aktore, kantari eta dantzariak izanen dira. «Arizale anitz badira, 130 inguru. Biziki giro politean ari gara lanean, baina desafioa da ere bakoitzari karguak ematea, anitzek ez baitute pastoralaren dinamika ongi ezagutzen», azaldu zuen errejentak.

Dinamika horren inguruan sortu den giroa ere nabarmendu zuen idazleak: «Zuberoan ekartzen dituen onezia berak ekartzen ditu pastoralak egiten den toki guztietan: herria eta euskal nortasuna finkatzen dira, baita jendearen arteko harremanak ere. Euskararen erabilpena ere handitzen da».

Harremanak urrunagora eramanez, ingelesen kontrako gerlaren pasartean, guda horren oroitarazteko Donostian egiten den danborradako kideak ekarri nahi ditu Urrutyk. Horretarako Gipuzkoako elkarteren baten xerka ari dira, haien danborrekin taula gainera igo daitezen: «Espero dugu talderen batek nahiko duela gurekin pastoralean lan egin».