GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Libre izateko


Frantzian oso ezaguna den Tariq Ramadan teologo, islamologo eta predikatzailea atxilotua izan da azkenean, aspalditik bere kontrako akusazioak hor ziren arren. Islamari buruz eta islamak Europan izan behar duen lekuari buruz artikulu eta liburu anitz idatzi ditu eta Oxfordeko unibertsitatean Qatarrek ordaindutako katedra bat zuen eruditoak. Influentzia eta botere handia zuen elite politikoan. «Etika zentzu guztietan garrantzi handiko hitza da, denei duintasuna ematen digun erreferentziazko hitza da» zioen intelektual laureatua kartzelatua izan da bortizkeria, sexu erasoak, bortxaketa, heriotza mehatxuak eta jazarpenak egiteaz akusatuta. Eta bere garaian NDFko buru izan zen Dominique Strauss-Kahn-en atxiloketak bezala, hautsak harrotu ditu Frantzian.

Tariq Ramadanen aurka lehen salaketa jarri zuen emakumea bortizki bortxatua izan zen Henda Ayari salafista ohi eta egun idazle eta feminista aktibo dena izan zen. “J’ai choisi d’être libre” (Libre izatea erabaki dut) liburuan kanporatu zuen barruan zuen zauria. Bortxaketa narratzen du, baina beldurragatik Zeoubeyr izena ematen dio bortxatzaileari. Gaur egun aitortzen du liburuko Zeoubeyr gizona Tariq Ramadan dela. Guru perbertso bat dela dio Ayari idazleak, islama emakumeak zapaltzeko erabiltzen duela, «edo beloa janzten duzu edo bortxatua izango zara, merezitakoa jaso duzu...» eta antzekoak entzun behar izan ditu Ayarik.

«Presondegian zegoela enoratzen zuen preso bat nintzen salafismoan, nahigabe profetaren emazte bihurtu nintzen», aitortu du idazleak. “J’ai choisi d’être libre” liburua esperantza mezu bat da, energia positiboa askatu eta emakume gehiagok pausoa eman dezaten idatzitakoa. «Ez dut biktima izaten jarraitu nahi, emakume buruaskea izan nahi dut». Zauriak zauri, beldurraren preso egotetik libre izatea erabaki duen emakume baten testigantza lazgarria da liburua.

Maskara erorita, borreroaren beste aurpegietako bat ikusi dugu.