GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Mendekua


Gauza jakina da, oro har, normalean justiziaren trajea motz geratzen zaiola biktimari. Hainbeste maite edo estimatzen dugun zerbait bat-batean modu bortitzean ebasteak eragiten digun mina eta sufrimendua deskribaezina izan daiteke, eta zentzu horretan beste batzuekiko konparaezina ere bai.

Gizartean sumatzen diren eta zirkulu txikietan entzuten diren joeren artean bada bereziki kezka eragiten didan kontu bat; sufrimenduaren izenean gailentzen den mendeku gosea. Eta erantzun garbirik ere ez dut, intuizio xume batzuetatik harago.

PP espetxealdi iraunkor berrikusgarriaren aldeko kanpainan hasi da berriz ere, eta zenbait testuinguru lur ongarritua izaten dira halako neurri populisten alde egiteko: izan hilketa bortitzak edo bestelako bortxakeriak. Rajoyk gizartearen ustezko eskariarekin justifikatu du Zigor Kodearen erreforma kontserbadore eta atzerakoiaren beharra.

Baina, aldi berean, kezkarako beste motiboa da –eta hemen nire kontraesana– ezkerreko diskurtsoetan sarri gailentzen den arima-ederkeria. Justizia ematen duena ezin da izan biktima edo «justizia popularra». Gogortasuna exijitzearen ifrentzuan mendeku gosea ezkutatzen da. Baina horren ordez ezinbestekoa da zorroztasuna; zorrotzak izatea krimenak eta delitugileak izendatzeko orduan, banalizazioak saihesteko. Eta zorrotzak aldi berean, zigorrak aplikatzeko garaian, pertsona horren eboluzioa behar bezala ebaluatuz, beti birgizarteratzearen helburua printzipio gisa hartuta.

Iñaki Egañak duela urte batzuk aipatzen zuen «kartzela zerbait bihurtu bada, mendekuaren gune bihurtu dela». Krimenak burutu dituen pertsona horrek ere baditu bere eskubideak, nahiz eta nazkagarria eta barkaezina iruditu.

Zoritxarrez, Euskal Herrian oso gertutik ezagutzen dugu kartzelaren eta justizia mendekariaren errealitate gordina, nahiz eta arrazoiak zein soluzioak bestelakoak izan eta konparagarriak ez diren. Izan dadila sufrimendu eta esperientzia hori gizarte hobe bat eraikitzeko oinarria, baita arlo honetan ere.