GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
TXOMIN PEILLEN KARRIKABURU
IDAZLEA ETA EUSKALTZAINA

«Nobela beltzarekin hasi, eta egon nintzen hamar urtez publikatu ezinik»

Parisen sortu zen 1932. urtean. Frankismo garaian hasi zen euskaraz idazten eta garaiko idazle berritzaileen artean kokatu zen. Euskal nobela beltzaren aitzindarietako bat da, eta genero horretako liburu berri bat argitaratu du Pamiela, Maiatz eta Hilbeltzarekin, «Zaldi beltzak zeruan».


Baionako bere etxean, liburuz eta dokumentuz inguratuta, eta “Zaldi beltzak zeruan” liburua abiapuntu hartuta, XX. mendeko bigarren erdialdean euskal literaturaren inguruan izandako gertaerak eta bizipenak ekarri ditu gogora Txomin Peillenek. Argitalpen berri honetan euskal nobela beltzaren hastapenetan izan zen “Gauaz ibiltzen dana” (1967) liburuaren kapitulu batzuk biltzen dira, bost ipuin berrirekin batera.

Urte batzuk badira ez duzula libururik argitaratu. Nola abiatu zen proiektu berri hau?

Besteek erabaki dute eta deitu naute. Migel Elustondok esan zuen bazela 50 urte “Gauaz ibiltzen dana” publikatu nuela. 1964an sari bat izan eta hiru urtera argitaratu zen. Liburu hau lasterrena izan zen, zeren batzuetan nire liburuek hamar urte behar zuten argitaratzeko; Parisen egonik zaila zen.

Denbora batean banituen sei liburu izkiriatuak euskaraz eta ezin publikatuz, saiakerak eta eleberriak. Nahikoa zela erabaki nuen eta asperturik izkiriatu nuen liburu bat espainolez, 400 orrialde eta argazki, sinesteei buruz. Nire obra nagusia izan behar zena, eta espainolez egin dut, hara! Orain damutzen zait. Gainera, ez da publikatu, lodiegia zela erraten zidaten.

«Gauaz ibiltzen dana» liburuko hiru kapitulu hautatu dituzu. Nola egin duzu hautaketa?

Mantsoegi zen hasiera eta azkena, eta eman dut erdian dagoena, hilak dauden lekuan.

Bost ipuin beltzek osatzen dute liburua.

Bat duela bost urte idatzia da, eta besteak joan den urtean. Iaz hartu ninduen horrelako enbeia batek, eta horiek idatzi nituen. Maiatz-entzat idatzi nituen, Maiatz akuilua baita, denetarik idazten ahal da, seriorik ez, adinarekin seriotasuna galtzen da.

Literatura beltza da heriotzak direlako. Ipuin horietan ez naiz saiatzen probatzen detektibea pertsonaia argia denik, batzuetan oker egiten du eta hil bat gertatzen da. Niretzako da erakustea aldi berean gizartea nola den, nola bihurtzen den, zer pentsatzen duen gertaeraz; nola zegoen jendea hilari buruz eta nola portatzen den. “Gauaz ibiltzen dana” nobela beltzarekin hasi nintzen, eta egon nintzen hamar urtez publikatu ezinik. Idatzi nuen zeren eta asea nintzen kostunbrismoarekin. Idazten zen probatzeko baserrietan jendea bertutean bizi dela.

Gertatu nintzen jende batzuekin; bata jesuita zen, eta bestea jesuita izana, eta biek erran zidaten: “Zuek idatzi behar duzue Miranderekin, guk ezin ditugunak idatzi. Erakutsi euskaldunak besteak bezalakoak direla, eta euskal gizartea ez dela besteak baino hobea”. Beti bazen eredu izan beharra eta Euskal Herriaren ospea salbatu beharra.

Ni zurikeria horren kontra nintzen; banekien nola zen Zuberoan bizi izan nintzelako hiru urtez. Liburu honetako istorioetan bada bat Zuberoan gertatua, itsusiena. Auzoak kontatu zidan nola burges batek umea egin zion neskame bati eta erran zion neskameari haurra abandonatzea zakur goseekin. Hori kontatu zidan anderea behin bordako belar sabaian etzan zen nekatua, eta entzun zuen zaldi batean etortzen gizon aberats bat eta neskame bat haurra besoetan zuela. Zakurrak niniaren jaten ari zirela ikusi zuen, eta gero etorri zirela zakurren bila. Gero, jaitsi zenean, ikusi zuen izutua haurraren odol eta puskak. Istorio beltza, eta bizi izandakoa da. Beste gehienak fikziozkoak dira. Horrelako gauzak gertatzen dira Euskal Herrian ere, eta ez soilik Mexikon kartelekin, eta hori kontatzen dut ere. Horrelako gauza itsusiak beti idatzi ditut. Beltza sinbolikoki itsusia da, eta guk “zuri” erraten dugu, zeren eta hipokresiari “zurikeria” deitzen diogu. Ni ateoa naiz, baina sinisten dut gu erdi aingeru eta erdi deabru garela; batzuetan isilarazten dugu bata eta mintzarazten dugu bestea.

Euskal literatura beltzaren hastapenetan izan zinen.

Ez nintzen lehenbizikoa, baina lehenagokoak samurragoak ziren, zeren eta Loidi Bizkarrondorekin ez zen hiltzailerik izan, baina ez zen klasikoa. Garaietan ez zen erraza klasikoa izatea. Garaian autozentsuratu behar genuen. Sari batean aurkeztu nuen, baina banekien ez bazuen irabazten ez zela publikatuko, komunista baten istorioa izanik.

Gaur egun, aldiz, anitz garatu da literatura beltza.

Bai, asko. 1970. urtean hasi zen. Xabier Gereño eta hasi ziren, gogoan ditugu Arretxe, Edorta Jimenez... orain bada zernahi. Badira batzuk anitz idatzi dutenak. Itxaro Bordak bost idatzi ditu, eta seigarren eta azkena abiatu duela uste dut. Nire azken produkzioa ipuinak dira, eleberriak zortzi egin ditut, eta nahikoa.

Zentsura oso gogorra zen garai horietan.

Bai, bazen Gipuzkoan zentsura oso gogorra. Kontatzen dute lehenbiziko euskal liburua argitaratu zena Elizakoa izan gabe, Jon Etxaideren “Itxaropenak”, separatismotik interpretatzen ahal zena, Madrilgo zentsore batek argitaratu zuela, eta Gipuzkoan.

Zerbait argitaratu behar zelarik baziren bi gauza, klero argia eta klero iluna. Klero ilunetan gazteria ustelduko zuten liburuak bazirela esaten zuten, eta ez ziren argitaratzen, zeren euskaldun batzuek salatzen zuten. Aldiz, idaztera bultzatzen gintuen klero argia ere bazen, Nemesio Etxaniz, Salbatore Garmendia, Salbatore Mitxelena eta Jokin Zaitegi. «Zuek idatz guk ezin ditugunak», erraten ziguten.

Zuri ere esaten zizuten gazteria ustelduko zenuela?

Bai, bai, Igela aldizkariari bai; irakasten genituen gauza txarrak. Bagenuen kronika bat, “Nola laguna lapurtu” eta hor ematen genituen timo guztiak barre egiteko, umoristikoa zen, baina gazteei bizioa erakusten geniela erraten zuten. Batzuetan esan behar duzu parodia bat dela, irri egiteko dela. Umorea behar da, Euskal Herria umoristikoa da kasu ematen bada.

Gaur egun ere zentsura badela uste duzu?

Bai, badago. Garai hartan ez zen etsairik idazleen artean; gaur badira etsaigoak, jende batzuk baztertuak dira. Batzuetan ahaztu egiten dira batzuk, Xabier Gereño edo Edorta Jimenez bezalako batzuk. Pixka bat bazterrean, horiek ez dute enpresaririk arduratzen direnak beraien obrak ezagutarazteaz. Bigarren mailako idazleak bezala emanak dira.

Denetarik idatzi behar da. Andima Ibiñagabeitia Idoiaga bizkaitarrak, hark egin ninduen euskal idazle, berak bultzatu ninduen. Berak erraten zuen sakristau usaina kendu behar zitzaiola euskal literaturari. Bagenituen lagunak apaizen artean, eta laikoen artean etsaiak. “Egan” aldizkarian argitaratu genituen gauza batzuk, ez baitzen zentsuratua gehienbat. Mitxelenak kasu egiten zuen, hala ere; ez zuen “Haur besoetakoa” argitaratu nahi izan, bestela “Egan” galduko zelakoan. Bitxia da euskal mundua.

Zer iritzi duzu Txillardegi omentzeko Donostiako Udalaren inguruan izan den polemikari buruz?

Ez du suerterik izan Txillardegik; alde batetik, ez da euskaltzaina izan, aurkeztu zen eta hiru laurdenak elizgizonak ziren, orduan ez zen sartu lehenbizikoan. Bigarrenean aurkeztu zuten eta ez zuen nahi izan, eta hirugarrenean esan zuen nahikoa zela. Hor izan ziren atzean gauza batzuk.

Hau lotsagarria da, ETAkoa izan delako debekatua dela? Idazle bat idazlea da, eta beste gauza bat politika da. Ez dira nahastu behar literatura eta politika, nahiz eta gauza batzuk agertzen diren, baina gehienetan ez dugu propaganda-libururik idazten. Hori beste gauza bat da; zer idatzi eta norentzat idatzi behar da? Nork irakurtzen du? Jende gutxik.

Joseba Sarrionandiak egin du zure liburuaren hitzaurrea.

Elkar ikusi genuen Habanan, eta berak erran zidan ez nuela ezer argitaratzen. Hor zegoen Peio Eltzaburu eta argitaratu behar nuela esan zidan. Inportantzia handia du nire bizitzan Josebaren ibilbideak, lagundu baitut behin; hamazazpi urterekin etxera etorri zen, Santa Grazira. Josebarekin harremanetan egon ginen Pott bandan, eta giltzapean zenean idazten nion; literaturazko gauzak idazten genituen, eta gauza asko aipatu genituen, baditut gutunak gordeak. Liburuxka bat egin nuen berari buruz, baina ez du nahi argitaratu dezadan. Kontatzen nuen bere ihesa eta dena. Geroztik aritu ginen emaztearekin bisitatzen.

Zer iruditzen zaizu hitzorduan zutaz esaten duena?

Ongi ikusi duela; deskubritu dut ni nor naizen haren idatzian. Zuk ez dakizu sekula nor zaren, besteek esan behar dizute batzuetan nor zaren, ez baitzara konturatzen. Ni aurrera joaten naiz, ez dut astirik hartzen irakurtzeko, idazten ari naiz, eta kostatzen zait, ez dut erraz idazten, lan egin behar dut eta beti hobeki egin behar dudala, hau landu eta bestea kendu. Hori bereziki eleberrietan; ipuina errazkiago egiten da.

Liburu honetan «Gauaz ibiltzen dana» eleberriko kapituluak berridatzi dituzu, egungo euskara batura egokitzeko.

Berriz izkiriatu behar izan dut, euskara aldatu baita. Mintzaira kanbiatzen da, euskara batuan eman behar izan dut. Euskaraz gain, beste gauza asko aldatu dira; gure gazte denboran ez genekien ze hizkuntzatan idatzi behar genuen. Ni hasi nintzen gipuzkera osotuan idazten, eta “Gauaz ibiltzen dana” horrela da, eta Iparraldeko gauza txiki batzuk sartu nituen. Grafia aldetik ere “h” batzuk, ez zen “h”-rik baina demostratibo batzuetan kasu batzuetan sartu nituen, eta leku izenetan ere bai.

Gero, Aita Villasantek eta Federiko Krutwigek erran zidaten behar nuela lapurtar klasikoz idatzi. Bat egin nuen, eta horrekin aski. “Itzal gorria” ere euskara batuan eman dut eta berriz argitaratu da. Liburu hori kostatu zitzaidan, bost urte edo pasatu nuen hori idazten, eta sari bat izan nuen, harritu nintzen. Sari bat izaten zenean publikatzen zen, eta ez zen zentsuratik pasatzen, eta horri esker publikatu zen, zeren eta Parisen bizi den komunista euskaldun baten bizitza eta heriotza kontatzen ditut. Itzultzen da Eibarrera Gerra Zibilean borrokatzera, frankismoaren kontrako borrokak eta dena agertzen dira.

Nahi dudanean pentsaera moldatzen da edozein mintzairatan, baina pentsatzen dudanean bakarrik niretzat Zuberoako euskara erabiltzen dut, amak erakatsia. Hamalau urtetan ahantzia nuen, baina ama beti mintzatzen baitzen gurekin euskaraz; aita, aldiz, beti frantsesez; euskararekin denbora galtzen genuela esaten zigun. Etsipenarekin erraten zuen Zuberoan ez zela gerorik, ez zen dinamikarik garai horretan.

Euskara ezberdinen ezagutza zabala duzu. Zubereraz pentsatzen duzu, gipuzkeraz eta lapurteraz idatzi duzu, eta orain batuan. Zenbat euskalki menperatzen dituzu?

Euskalki bakarra menperatzen dut, zuberera, eta besteak ahal bezala; beti, bizitza guztian, ikasten da. Aita Villasantek erraten zidan nola idazten ahal nuen literatura beltza euskaraz, hiztegirik ez genuela horretarako, giro bat esplikatzeko beste munduetan, baina erran nion Shakespearek ez zuela problemarik izan.

Euskaltzain urgazle bihurtu zinen 1961ean, euskaltzain oso 1988an eta euskaltzain emeritu izendatu zintuzten 2017an.

Davant ni baino lehen sartu zen, baina ni euskaltzain zaharrena naiz adinez. Parisen nintzen eta urgazlea izan nintzen, lan batzuetarako, euskaltzainak osoko bilkuretan agertu behar baitira.

Euskara batuaren eta euskalkien arteko erabileraren eztabaidaz zer iritzi duzu?

Uste dut askotan batura pasatu behar dugula, ez dugu bestela elkar konprenitzen. Leku bakoitzean saiatzen naiz hango euskaran mintzatzen, Bizkaira joaten naizenean ere, behin erronkarieraz ere mintzatu nintzen. Uskararen Egunera gonbidatu ninduten eta mintzaldia eman nuen erronkarieraz.