GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Jendeari burla egin, erantzunkizuna aldenduz


Mozorroek gure herriko kaleak hartu dituzte. Han eta hemen norbanakoek, lagun taldeek, mozorroa jantzi eta ingurukoen atentzioa, konplizitatea bereganatzen dute eta askotan egunerokotasunari txinpartak ateratzen dizkiote.

Eta hara non espainiar presidenteak inauterietarako parodia zirudien interbentzioa izan duen, bere Enplegu ministrarena borobilduz. Pentsioak dira gaia. Aurten ere pentsioak %0,25 igoko direla-eta pozik agertu da Fatima Bañez ministra, pentsiodunek erosteko ahalmenik galdu ez, irabazi egin dutela esanez.

Hori gutxi balitz bezala, Mariano Rajoyk aurrezteko deia egin du, «gauzak bideratzen hasiak diren honetan» dirua aurrezteko mezua zabaldu du, pentsio pribatuetan, hori bai. Eta horretarako, pribatuak diren tresnentzako neurri bereziak onartzen ditu.

Bere Gobernuak ez du, aldiz, sistema publikoa bermatzeko neurririk hartzen, ez du banketxeen erreskaterako egin zuen ahaleginaren erdirik ere egiten. Iseka egiten du.

Aho txikiz pentsio sistema publikoa Estatuak bermatzen duela esan ostean, hori egitasmo pribatuarekin bateragarria dela azpimarratu du. Eta azken oin hori bultzatzeko neurriak hartu ditu, denen onerako dela esanez eta mezu positiboak zabalduz.

Diskurtsoa erabat aldatzen da sistema publikoaz hasten direnean: itsulapikoa hutsik dago. Berriro ere zarrastelkeriaren mamua astintzen dute eta pentsioak ezingo direla ordaindu iradokitzen dute.

Eta orain, gainera, aurrezten hasteko deia egiten du, erantzukizunaz aldenduz. Burlarik ez egin, ezta inauterietan ere.