12 FéV. 2018 Aizkora Vicente eta Saralegi final handian izango dira Atzo eguerdian Iñaki Azurmendi eta Jon Rekondo menderatu zituzten, Beasainen jokatutako saioan. Jon LEUNDA Iker Vicentek eta Ruben Saralegik aurreikuspenak bete egin zituzten, eta Urrezko Aizkorako Binakako Txapelketako finala jokatzeko txartela eskuratu zuten, atzo Beasainen Iñaki Azurmendi eta Jon Rekondo mendean hartuta. Lehen enborrean berdinduta geratu ziren bi bikoteak, baina hortik aurrera garaipena lortu zuen bikotea nagusitu zen. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagoan moztu neurtu ziren hasteko, eta hortxe izan zen berdinketa, bakoitzak 33tan erdibitu baitzuen enborra. Jarraian, erlojuz kontra tamaina bereko enborra moztu zuten, eta nafarrek lau segundoko aldea lortu zuten. Ondoren, zutik jarritako kana-erdikoa erdibitu behar zuten, eta Vicentek eta Saralegik beste zortzi segundo sartu zieten. 60 ontzakoarekin espero zen Azurmendiren eta Rekondoren erreakzioa, baina ez zen iritsi, bi lehengusuek beste hamar segundoko zuloa egin baitzuten. Ondoren, zutik jarritako 45 ontzakoa eta etzanda jarritako kana-erdikoa ebaki behar zuten, eta Saralegik eta Vicentek 43 segundoko tartea lortu zuten. Iraupen proban, sei 60 ontzako moztu behar zituzten, eta hor ere gazteek ez zuten barkatu, 51 segundoko aldea kenduz. Lan guztiak burutzeko, 21 minutu eta 36 segundo behar izan zituzten Saralegik eta Vicentek, eta 23 minutu eta 21 segundo Azurmendik eta Rekondok. Nesketan hiru ziren izatekoak, baina Astondoak ezin izan zuen aritu gaixorik zegoelako. Garaipena Nerea Sorondok lortu zuen, eta oinbetekoa ebakitzen erabaki zuen, gainera. Hor, 59 segundoko abantaila lortu zuen. Gero, bi 45 ontzako erdibitzen, Ariztegik 29 segundo kendu zizkion Sorondori, baina ez zen nahikoa izan. Lan guztiak burutzeko, 8 minutu eta 56 segundo behar izan zituen Nerea Sorondok, eta 9 minutu eta 38 segundo Maika Ariztegik. Urrezko Harri-jasotze txapelketan, Illarramendi aritu zen, eta 2 minutuan 7 jasoaldi eman zizkion 175eko errektangularrari eta 6 jasoaldi 150eko kubikoari. Denera, 2.125 kilo jaso zituen. Sailkapen nagusian aurrena jarri da Aiako harri-jasotzailea.