GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Bitcoin eta blockchain


Asko entzuten da azkenaldian bitcoin moneta digitalaren gainean. Interneteko sarean oinarrituta sortu zen, eta finantza-sistema eta estatu eta gobernuen kontroletik kanpo dago. Hori da orain arteko sistemarekin apurtzen duena: diru mugimenduak ez dituela banku zentral edo gobernu batek kontrolatzen. Bitcoinarekin diru mugimendu bat egiteko ez da premiazkoa banku, notario, edo estatu baten bitartekaritza: ez baita fede-emaile baten beharrik. Diru mugimendua zuzenean egiten da, igorletik hartzailera: bitartekaririk gabe. Eta hori da, noski, sistema finantzarioak mehatxutzat ulertzen duena: bere existentzia ezinbestekoa ez izatea. Funtsean, kontrol falta. Halere, egia da azkenaldian bitcoinaren kasuan espekulazio handia gertatzen ari dela. Baina mugitzen duen diru kopurua baino, benetan bitcoina interesgarri egiten duena bere teknologia da.

Bitcoin teknologiaren oinarria artikulu zientifiko batean dago. Artikulu horrek moneta digitalen segurtasun arazo historiko bat konpontzen zuen: nola ziurtatu bi pertsonaren arteko transakzio bat inongo bitartekaririk gabe. Eta bitcoinak atzean duen teknologia hori da, hain zuzen, «blockchain» deitzen dena.

Hortaz, blockchain-a bitcoina baino harago doa. Blockchain-a transakzioen datu-base banatu bat da. Deszentralizatua. Eta banatuta gordetzen da informazio guztia. Blokeetan. Eta, hortaz, informazioa manipulatzeko, datu-basea instalatua dagoen ordenagailu guztiak manipulatu beharko lirateke. Eta hori ezinezkoa dela esan daiteke. Eta blockchain teknologiak informazio mota guztientzat balio du, ez transakzio ekonomikoentzat soilik. Horregatik, blockchain teknologia sektore ezberdinetan erabiltzen hasi dira jada (baita bankuetan ere). Eta etorkizuneko balizko erabilerak ikerketa-gai dira une honetan.

Blockchain teknologiak informazioaren kontrola deszentralizatzen du, kontrola erabiltzaileon eskuetara itzuliz. Horregatik, bitartekariak eta monopolioak nagusi diren Interneten, demokrazia eta aukera-berdintasuna ekar dezakeen teknologia da blockchain. Hala izan dadila.