20 FéV. 2018 sokatira 600eko mailan ere Beti Gaztek irabazi du Goma Gaineko Euskal Herriko txapela Jon LEUNDA Beti Gaztek irabazi zuen Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketako garaikurra, mutilen 600 kiloko mailan. Nafarrek denboraldiko bigarrena lortu dute jarraian. Finala, baina, oso estua izan zen, eta Ibarrari kitarakoa jokatu behar izan zion berdinketa apurtu ahal izateko. Beti Gaztek eta Ibarrak tiraldi guztiak irabazi zituzten, baina euren artekoa berdinean amaitu zuten, tiraldi bana irabazita. Amaieran, 13 punturekin berdinduta zeuden biak ere, eta berdinketa hori apurtzeko deman, Lesakakoek lortu zuten garaipena, lehen postua eskuratuz, eta Ibarra bigarren postuan utziz. Podiuma Gaztedik osatu zuen. Laukizkoek Muruetari eta Txantreari bere bi tiraldiak irabazi zizkien, eta Sokarrirekin berdindu egin zuen. Gainerako tiraldiak galdu egin zituen. Laugarren postua eskuratu zuen Sokarrik. Txantreari irabazi egin zion, Gaztedirekin eta Muruetarekin berdindu egin zuen, eta gainerako tiraldi guztiak galdu egin zituen. Bosgarren postua izan zen Muruetarentzat. Txantreari irabazi, Sokarrirekin berdindu, eta gainerako saio guztiak galdu egin zituen. Txantreak itxi zuen sailkapena. Talde iruindarrak jokatutako tiraldi guztiak galdu egin zituen, azken postuan amaituz. Emakumezkoen 500eko mailan, Badaiotzek lortu zuen bigarren jardunaldian ere lehen postua, eta ondorioz txapela lortzetik oso gertu geratu da, eta deskalabru handiren bat gertatzen ez bazaio, datorren asteburuan hori gauzatzeko moduan izango da. Talde gasteiztarrak jokatutako tiraldi guztiak irabazi zituen. Gaztedi sailkatu zen bigarren, Badaiotzekin bakarrik galduta. Ibarra izan zen hirugarren, Berriozar laugarren, Txantrea bosgarren eta Beti Gaztek itxi zuen sailkapena. Jardunaldi baten faltan, Badaiotz dago aurreneko postuan sailkapen nagusian, eta hiruna puntu ateratzen dizkie Gaztediri eta Ibarrari, eta zazpi Txantreari.