28 FéV. 2018 Entrevue LANDER GARRO ZIGOR GARRO PRESOAREN ANAIA «Dispertsioaren gurpil-zoroari lotuta bizi izan garenontzat hurbilketa urrats handia da» Astelehen iluntzean ezohiko deia jaso zuen Garro familiak. Zigorren ahotsa zen telefonoaren bestaldean. Ez zuen Saint-Maur-eko (680 kilometro) espetxetik deitzen, Mont-de-Marsanetik (140) baizik. «Guretzat aldaketa benetan handia da», aitortu dio GARAri Landerrek, Zigorren anaiak. M.U. BAIONA Urtarrila hilabete iluna izan zen berarentzat eta bere familiarentzat. Paki Perez ama hil horretan joan baitzen. Handik egun batzuetara Zigor anaia ekarri zuten Zokora, Saint-Maur-eko espetxetik, galdutako amari eskainitako azkeneko omenaldian izateko. Astelehen gauean, Zigorrek etxera deitu zuen, Pakirentzat berant heldu den «albiste ona» emateko. Azken bi hamarkadetan dispertsioaren gurpil-zoroari lotua izan den familia batentzat «aldaketa handia izanen baita» hemendik aurrera Hendaiatik bi ordu eskas dagoen espetxean bisita egitea, aitortu dio GARAri Lander Garro idazleak, Zigorren anaiak. Nola jakin duzue anaia Mont-de-Marsanera heldu dela ? Berak deitu zigun astelehen iluntzean, lekualdaketaren berri emateko. Zer gehiago jakin duzue trasladoari buruz? Zokora ekarri zutenean, bidaia oso lasaia izan zen nonbait. Alta, espetxe aldaketari ekiteko sekulako segurtasun neurriak eta polizia erakustaldia antolatu dituzte. Harrituta zegoen anaia. Ba al zekien Mendizabal ere eramanen zutela? Bazekien, bai. Egun batzuk lehenago Reau-ko espetxera eraman zituzten biak, anaia Saint-Maur-etik eta Julen Mendizabal Osnytik, handik Mont-de-Marsanera lekualdaketa egiteko. Alta, ez zuten bidaia elkarrekin egin. Anaiak deitu zuenean ez zekien, ezta guk ere, Julen noiz helduko zen. Gaur jakin dugu bertan dela eta, anaia bezala, poztu egin gara beragatik eta hurbilekoengatik. Lekualdaketa honek zer ondorio izanen ditu zuentzat eta zure familiarentzat ? Gure familiak 20 urte daramatza dispertsio politikaren gurpil-zoroari lotuta, lehenik arrebarekin eta orain anaiarekin. Guretzat hau handia da. Zer ondorio? Dena aldatzen du! Plano humanoan, noski, baina baita familia eta lan antolaketari dagokionez ere. Ez da berdina egun bat edo bi eman behar izatea errepidean bisita bat egiteko, edo joan-etorria egun berean bururatzea. Horrek zeharo aldatuko du gure egunerokotasuna, kostu ekonomikoa ahantzi gabe. Pena, ordea, amarentzat berandu iritsi dela. Tamalez horrela da. Hil aurretik bazeraman denbora bat semea ikustera joan ezinik, bidaia luzea eta nekagarria zelako. Besteentzat leihoa zabalduko den esperantza? Lehenengo urratsaren ondoren dator bigarrena, eta horren ondoren gainerako besteak. Urrats bat eginda, besteak behar ditugu, eta azkenik etorriko direla pentsatu nahi dugu.