GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Zergatik jo du prefetak auzitara euskoaren kontra?


Prefetak auzibide bat ireki du euskoaren kontra. Zergatik hartu du erabaki hori? Gertakariak askotan errazegi «politizatzeko» joera dugunez, gure izaera militantea parentesien artean jarriz, agian egokia da galdera horri azterketa ekonomiko huts baten bitartez erantzutea. Zer da euskoa? Eta nolako ondorio ekonomikoak ditu?

Euskoa 2013an sortu da, eta bost urtez frantses Estatu mailako lehen tokiko moneta bilakatu da. Egungo egunean, 750.000 eusko baliatzen dira Iparraldean, euskoak 3.000 erabiltzaile dituelarik, eta 700 partaide (komertzioak, ekoizleak, elkarteak,..). Euskoaren sarearen printzipioak aski sinpleak dira. Euskoaren sarean sartzen den partaideak (edo eragileak) bi engaiamendu mota hartzen ditu. Lehena, tokiko mozkinak baliatzea, eta denboran bere jarduera irizpide sozial eta ekologikoen arabera egokitzea. Bigarrena, euskararen erabilera sustatzea.

Erabiltzaileari dagokionez, euskoak euroen trukean eskuratzen dituen herritarrak sarearen partaideen eremuan baizik ezin ditu erabili. Funtsean, euskoak moneta zirkuitu «paralelo» bat osatzen du. Baina euskoa ez dela «egiazko» moneta bat aitortu behar da, monetaren ahalmen nagusia kreditua delako: alegia, existitzen ez den balio ekonomiko bat «ex nihilo» sortzeko gaitasuna. Halere, monetak dituen bi aurpegiak kontutan harturik, euskoak potentzialtasun handiak dauzka. Alde baikor batetik, monetak truke ekonomikoak bultzatu ditzake. Aldiz, alde ezkor batetik, inegalitate itzelak sor ditzake, batzuei besteen bizkar aberasteko aukera eskainiz. Eta dakigunez, kapitalismo finantzarioak azken aukera hori muturreraino indartu du, espekulazio operazio erraldoiak ahalmenduz. Euskoak bi alde horietan eragiten du. Lehenik eta behin, tokian tokiko truke ekonomikoak bultzatzen ditu, lokal mailako sare bat trinkotuz. Baina bestetik, monetaren izaera espekulatiboa parte handiz ezabatzen du, inflazioa dagoen egoeran prezioen igoerak monetaren balio erlatiboa «urtzen» duenez, euskoaren erabiltzailea diru hori denbora luzez bazterturik ez atxikitzera akuilatua delako.

Ezaugarri hori oso deigarria egiten zait, moneta teoria garaikidearen sortzaileak –John Maynard Keynes (1883-1946)– espekulazio funtzioaren indargabetzearen garrantzia nabarmendu zuelako. Hortaz, bere liburu nagusian (“The General Theory of Employent, Interest and Money”, 1936; Lanari, interesari eta monetari buruzko teoria orokorra), 30eko hamarkadan Austriako Wörgl hirian tokiko moneta baten esperientzia inspiratu zuen Silvio Gesell (1862-1930) ekonomialariari komentario luze bat dedikatu zion. Silvio Gesell Pierre-Joseph Proudhon anarkistaren jarraitzailea zen, eta J. M. Keynesek zioen K. Marx-en azterketatik baino, S. Gesellen pentsamendutik gehiago ikasteko genuela geroari begira. Euskoaren funtzionamoldean azpimarragarria da bestalde, euskoaren trukean metatzen diren euroek diru kopuru esanguratsua osatzen dutela. Diru zama horren kudeaketari begirako partaideen artean Herrikoa finantzamendu sozietatea aurkitzen dugu. Oroitu behar da Herrikoak 40 urtez 3.000 enplegu baino gehiago sortu dituela Iparraldean; eta 80ko hamarkadan Estatu frantsesean tokiko garapena sustatzeko eratu ziren arrisku-kapital sozietateen artean, gaur arte iraun duen bakarra dela.

Ororen buru, euskoak ekonomiaren bertokiratzea modu bikoitzean bultzatzen du. Lehenik eta behin, tokian tokiko kontsumo eta hornikuntza sal-erosmenen sarea trinkotuz, eta bestetik, euskoaren trukean eurotan metatzen den diru kopurua lokalki enpleguak sortzen dituzten jarduera ekonomikoetan zein proiektu sozial eta ekologikoetan inbertituz. Bere ttikitasunean euskoak badauka beraz potentzialtasun ederra! Are gehiago gogoan hartzen badugu haien azken biltzar nagusian euskoaren eramaileek berretsi duten epe ertaineko zerumuga: egun batez euskoa Hego Euskal Herrira zabaltzea.

Baina ez gaude fase horretan, azken garaietan egin diren urrats kualitatiboak egonkortu behar direlako. Euskoaren karta edo txartel elektronikoa martxan jartzea izan da urrats horietariko bat; aldaketa eta kudeaketa lan asko suposatzen duena. Bigarren urratsa Baionako Herriko Etxeak hartu duen erabakia da: bere ordainketa batzuk euskoarekin egitea. Horrez gain, jakinez euskoak espektro politiko osoaren partetik babes zabala erdiesten duela Iparraldean, J. R. Etchegaray-k –Baionako auzapez eta Herri Elkargoaren lehendakaria– euskoa Herri Elkargo osoan indarrean jartzeko xedearen berri eman du publikoki. Euskoak dauzkan potentzialtasun ekonomikoez oharturik, prefetak Baionako erabakiak aurrekari ikaragarria suposa dezakeela badaki. Orduan, zergatik abiatu du eraso judiziala? Euskoa «arriskutsua» izan daitekeelakoan doike! Orain, nire izaera «militantea» berreskuratuz, aitortu behar dut ikuspegi ekonomiko huts batetik ondorioztatzen dudan erantzun horrek zirrara pizten didala. Sekula baino gehiago euskoa erabiltzeko enbeia ematen dit, baita ere martxoaren 4an Baionan iraganen den euskoaren egunera hurbiltzeko gogoa!