05 MAR. 2018 Emakumezkoak Maika Ariztegik ehuneneko gutxi batzugatik lortu du Buruz Burukoa J.L. Maika Ariztegik irabazi zuen Emakumezkoen Buruz Buruko Urrezko Aizkora, eta ezustean lortu zuen txapela, gainera, garaipena lortzeko faborito nagusia Irune Izkue baitzen. Baina azken horrek ez zuen izan bere egunik onena, eta hirugarren amaitu zuen. Finala bikaina izan zen, eta amaieran Ariztegik 20 ehuneneko bakarrik kendu zizkion Nerea Sorondori. Aizkolari bakoitzak hiru oinbeteko moztu behar izan zituen. Hasieratik izan zen borroka handia. Apurka-apurka Izkue eta Astondoa atzera geratzen hasi ziren, eta borroka Ariztegiren eta Sorondoren artekoa izan zen; azkeneko kolpera arte ezin izan zen jakin zeinek irabazi zuen. Hirugarren posturako ez zen horrelako borrokarik izan. Astondoak aurre hartu zion faborito zen Izkueri, eta azkeneko enborra ebaki aurretik garbi zegoen azkeneko bi postuak nola geratuko ziren. Ariztegik 8 minutu, 15 segundo eta 8 ehuneneko behar izan zituen lan guztiak amaitzeko. Sorondok 20 ehuneneko gehiago behar izan zituen. Hirugarren Astondoa sailkatu zen, eta 9 minutu eta 37 segundo izan zen bere denbora. Sailkapena Irune Izkuek itxi zuen, bere jarduna 11 minutu eta 14 segundoan burututa.