07 MAR. 2018 Emakumezkoen futbola Helburu bikoitza azken txanparako Bost hilabete lesionatuta eman ondoren, bueltan dago Itxaso Uriarte. Amaia U. LASAGABASTER Bere taldea bezala, denboraldi hasiera gogorra bizi izan du Itxaso Uriartek irribarrea berreskuratu aurretik. Bost hilabete eman ditu, izan ere, jokatu ezinik, Ligako lehen jardunaldian orkatila bihurritu eta gero. Bide neketsua, «hasieran pentsatzen nuena baino denbora gehiago izan baita». Izan dituen entrenatzaile guztiekin jokatzen ohituta, arabarrari zaila egin zaio «partidak harmailetatik ikustea», gauzak ondo joan direnean ezin izan duelako taldekideekin batera lehiaz disfrutatu eta une txarretan ezin izateagatik taldea lagundu. Egoera biak bizi izan ditu Realak eta Uriartek «oso gaizki» pasatu du. «Batez ere taldea ondo egon ez denean –onartu du–. Askoz gehiago sufritzen da, ikusten duzu taldea ez doala aurrera eta zuk ezin duzula lagundu. Sekulako amorrua ematen du». Zorionez, Reala «dinamika horri buelta emateko gai izan da» eta baikortasunez hartu du egutegiaren azken herena. Orain dela hilabete Madrilen aurka zazpi minutu jokatuz denboraldiaren «berrestreinaldia» ospatu zuen Uriartek berak bezala. Harrezkero Betisen kontra ordu erdi aritzeko aukera ere izan du. Hemendik aurrera, eta behin lehen urrats hori emanda, helburua argi dauka eta bikoitza da: minutu gehiago eduki eta «batez ere, taldeari gorantz jarraitzen lagundu. Eta horretarako garrantzitsuena ez da jokatzea edo titularra izatea, hori entrenatzailearen eskuetan baitago, baizik eta lan asko egin, dena eman, astean zehar eta, asteburuan aukera helduz gero, orduan ere bai. Noski gustatuko litzaidakeela asko jokatzea, hamaikakoan egotea... Baina batez ere Reala bere helburuak betetzen laguntzea da nahi dudana». Eta zeintzuk dira helburu horiek? Liga hasieratik Koparako sailkapena hartu zen nagusitzat baina Uriartek nahiago du «epe motzean» pentsatzea. Denboraldia amaitzeko falta diren bederatzi jardunaldiak zortzigarren postuarekiko bost puntuko desabantaila indargabetzeko nahikoak direla uste duen arren, erdilariaren ustetan «ez gara kalkuluekin hasi behar, kalte egingo digula uste dut». «Onena», Uriarterentzat, «azkenaldi honetan egiten ari garenari jarraipena ematen saiatzea da, partida bakoitza bakarra izango balitz bezala hartuta». Aurkarien posizioari ere ez dio garrantzi larregirik ematen –bi aurkari zuzenen eta sailkapenean azpitik dituen sei talderen kontra arituko da Reala–, «denak baitira zailak Liga honetan eta, gainera, beheko taldeek ere asko daukatelako jokoan azken txanpa honetan. Oso partida konplikatuak izango dira». «Egin behar duguna da –gaineratu du– partidaz partida joan. Orain Sevilla, gero Espanyol... Eta dinamika honi eusten badiogu, ziur nago saria edukiko dugula». JARDUNALDIA Lehiaketa bueltan egongo da asteburuan, Lehen Mailako 21. jardunaldiarekin. Realak Sevilla bisitatuko du igandean (12.00) eta Athleticek Granadilla, egun berean (13.00).