GARA Euskal Herriko egunkaria
sokatira

Euskal tiralariek beste lau domina lortu dituzte Txinan

Zilarrezko dominak eskuratu zituzten 23 urtez azpiko neskek eta mutilek, etahelduen mailan gizonezkoek eta emakumezkoek brontzezko bana lortu zuten.


Euskal tiralariek dominak pilatzen jarraitzen dute, eta selekzioen mailako lehen egunean beste lau lortu zituzten, nahiz eta horretan ez zen urrezkorik izan. Guztira, bi zilarrezko, eta bi brontzezko izan ziren atzo.

Euskal Herriko selekzioak 23 urtez azpikoetan lortu zituen bi zilarrezko dominak. Neskak 500eko mailan aritu ziren, eta mutilak 600ekoan, eta bietan izan ziren bigarren. Ostegunean, kluben mailakoan ere bigarren izan ziren, eta selekzioen mailakoan atzo ere bai.

Brontzezkoa gizonezkoen 560koan lortu zuen Euskal Herriko selekzioak, eta nesken 540koan ere brontzezko domina kolkoratu zuten. Mutilak 640koan ere aritu ziren, eta domina lortzetik gertu ibili zen Euskal Herria, baina laugarren postuan amaitu zuen.

Gaur amaituko da Munduko Txapelketa eta, segur aski, azkeneko egunean ere euskal tiralariek izango dituzte dominak lortzeko aukerak; mutilen 600ekoan, nesken 500ekoan eta mistoen 600ekoan izango dira aukerarik handienak, seguru asko. Hala ere, beste mailetan ere izan dezake Euskal Herriko selekzioak dominaren bat eskuratzeko tartea.

Orain arteko lana kontuan hartuta, euskal tiralariak bikain dabiltza, nahiz eta Europako eta Amerikako hainbat herrialdek ez joateko erabakia hartu duten, arrazoi ezberdinak direla medio. Dena dela, Euskal Herria oso indartsua izan da beti mundu mailan, eta aurtengo Munduko Txapelketan ere oso maila ona ematen ari da.