12 MAR. 2018 Aizkora Txapartegik eraman du Doneztebeko apustua Aizarnakoak sei ehuneneko aldea atera zion Mieltxo Mindegiari. Jon LEUNDA Luix Txapartegik irabazi zuen atzo Donezteben Mieltxo Mindegiaren aurka jokatu zuen apustu gogoangarria. Ez da erraza izaten, eta gutxitan gertatuko zen apustuen zerrendan, baina ehuneneko gutxi batzuek erabaki zuten atzoko auzia. Aizkolari bakoitzak zortzi kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen. Txikiak, kana-erdikoak alegia, Mindegiak plazaratu zituen, eta handiak, 60 ontzakoak eta oinbikoak, berriz, Txapartegik. Alde bakoitzak 4.000 euro jokatzen zituen. Jendearen erantzuna ere ikaragarria izan zen, Doneztebeko Ezkurra pilotalekuko harmailak leporaino bete baitziren. Dirua hastapenean Mieltxo Mindegiaren aldeko joerarekin atera zen. Aita eta Lorentzo Apezetxea izan zituen lagun Mindegiak, eta Joxemiel Peñagarikano eta Joxemari Esnaola, Txapartegik. Atzo apustua ikustera batu zen jendetzak merezi zuen zerbait ona, eta bi aizkolariek zuten onena eskaini zuten. Emozioa ere soberan izan zuen, bi aizkolariek ia batera amaitu baitzuten, baina Txapartegik sei ehuneneko gutxiago behar izan zituen lanak burutzeko. Ez dago neurketa estuagoa izaterik. Azkeneko egurrera Mindegia 19 segundo aurretik sartu zen, eta bazirudien garaipena beretzat izango zela, baina azkeneko enbor horretan harrapatu egin zuen Txapartegik, baita lanak lehenago bukatu ere. Dena dela, bi aizkolariek bukaeran jaso zituzten txaloak ongi merezitakoak izan ziren. Enborrez enbor, honako hauek izan ziren Luix Txapartegiren denborak: 2.46, 7.39, 11.18, 13.25, 15.22, 17.32, 19.46, 26.42, 29.52, 33.55, 36.05, 38.09, 40.43 eta amaieran 42 minutu, 50 segundo eta 54 ehunen. Mieltxo Mindegiaren partzial ofizialak, berriz, honako hauek izan ziren azkenean: 1.31, 3.30, 5.36, 7.38, 10.48, 13.58, 19.46, 25.44, 29.33, 33.09, 35.55, 37.58, 40.24 eta 42 minutu, 50 segundo eta 60 ehunen.