Iraia OIARZABAL
Bartzelona

Berri Txarrak, etenik ez duen bidaia emozional bat

Intentsitatez, indartsu. Emozioak larruazaletik sabeleraino kulunka bizi bezain gozoan garraiatuz. Halaxe igaro zen joan den astean Berri Txarrak-ek Bartzelonan emandako kontzertua. Kuttuna duten hiriburu batetik etxera datoz, eta BECen jarraitzaile leialenak izango dituzte zain.

Infrasoinuak ozen entzun ziren Bartzelonako Razzmatazz aretoan. Euforia kolektibo baten erdian aritu ziren disko berria aurkezten, bi orduz baino gehiago, aretoa leporaino beteta. Hamabi urte dira Berri Txarrak han egon zen azkenengo alditik, Deftones-en telonero gisa aritu ziren 2006 hartatik. Aurreko lana, “Denbora da poligrafo bakarra”, Apolo aretoan aurkeztu zuten 2015ean eta gogotsu ziren Kataluniako zitarako.

Razzmatazz aretoaren ingurua lasai ageri da larunbat goizez. Soinu probetan ari direla elkartu gara Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirrerekin. Irribarretsu hartu gaituzte, baita urduritasun puntu batekin ere. Urtarrilaren bukaeran abiatu zuten bira Asian eta Australian barrena. Guztira hamazazpi emanaldi eskaini zituzten, baita milagarren kontzertua ospatu ere. Zenbaki bat baino ez, Urbizuk umil dioenez. Zifrak eta urtemuga hartu duen tokiak erakusten dute, ordea, Lekunberrin jaiotako taldeak lortutakoaren tamaina. «Badauka bere xarma. Lehendabiziko kontzertua herrian bertan eman eta 24 urte beranduago justu munduaren beste puntan», aipatu du.

Ez da Asia eta Australia partean dabiltzan lehen aldia, baina esperientziaz galdetutakoan sumatzen da urteekin eman duten saltoa. «Koxka bat gorago» sentitu dira aurreko birarekin alderatuta. «Gure zailtasun handiena izan da gure eszena topatzea. Batzuetan tokiz kanpo egon izan gara eta oraingoan bete-betean asmatu dugula esango nuke», dio Urbizuk. Izandako harrerarekin kontent eta sentsazio positiboekin itzuli dira jarraitzaile mordoxka ikusita.

Inflexio puntu bat

Razzmatazzen ere koxka bat gorago igo nahi izan dutela aipatu digu Urbizuk, aurreko aldiekin alderatuz aretoaren edukiera bikoitza zelako. «Arantzatxo bat kentzera ere bagatoz. Azkeneko kontzertuan ez ginen oso gustura gelditu eta bagenuen gogoa bueltatzeko», aitortu digu Izagirrek. Gau horretan bertan begiok ikusi eta belarriok entzundakoak lortu zutela baieztatzen dute. Gozatu eta gozarazi egin zuten, lehen akordetik amaieraraino.

Publikoa ere ikuskizunari erabat emana zegoen. «Katalunia beti izan da gure bigarren etxea, ez? Euskal Herritik irten ginen lehendabiziko aldia hona izan zen. Gogoan dut ‘Libre’ diskoarekin Kataluniara etortzen ginela etengabe. Oso abegikorrak izan dira beti euskal musikarekiko», azaldu du Urbizuk. Kontzertuak ere eman zuen gertutasun horren erakustaldirik. Laia Carbonellekin batera kantatutako Mikel Laboaren “Assentiré de grat” abestiaren bertsioa izan zen horietako bat. Baita amaiera partean eskainitako “Sols el poble salva el poble” eta preso politikoenganako elkartasun aipamena ere. Parean zituzten milaka lagunek berotasunez erantzun zuten, sintonia argi batean.

Baina etxean bezala sentitzeaz harago, Kataluniak badu beste esanahi bat Berri Txarrak-entzat. «‘Zertarako amestu’ dokumentalean aipatzen dugu Apolo bete zen lehendabiziko aldian, ‘Jaio musika hil’ diskoarekin, ohartu ginela Euskal Herritik kanpo ere zerbait gertatzen ari zela. Hori izan zen niretzako halako inflexio puntu bat. Bartzelonari badiogu kariño berezi bat», azaldu du Urbizuk.

Denboraren igarotze horretan, taldearen eboluzioa disko bakoitzean marrazten da. “Infrasoinuak” ezberdina da erabat aurreko disko hirukoitzetik, 20. urteurrenaren harira atera zuten lan borobiletik. Azken honekin erakutsi dute ordu erdi nahikoa dela plazerean murgildu eta erraiak askatzeko. «Disko konplexu batetik gentozen. Ez da erraza izan guretzako disko honi abiapuntua ematea baina ariketa moduko bat egin genuen aurreiritzi guztiak eta aurreko diskoa sorbaldatik kendu eta zerotik hasteko. Eta uste dut lortu dugula», dio Gonzalezek.

Hitzetan erreparatuta, azken urteetako borroka horixe izan duela aitortzen du Urbizuk: «Norberak aurretik ez errepikatzeko dema hori. Batzuetan lortzen duzu, beste batzuetan agian ez da hain erraza». Esanahiak bilatzeko tentazio horretan, “Infrasoinuak” kantuan gailentzen den ideia hori aletzen du irribarre lotsatiarekin: «Azpitik egote hori, gu, kultura... Batzuetan subalterno batetik gatozenok badakigu zer den azpitik egote hori. Besteek egiten duten lanaren bikoitza egin behar izatea entzunak izateko. Zenbat eta zenbat kolektibo eta norbanako dagoen horrela jaramonik egiten ez zaiolako».

Disko laburra eta zuzena, hala definitzen du Gonzalezek. Urbizuk argitu digunez, «inoiz egin dugun diskorik laburrena da, baina aldi berean bidaia emozional bat da. Gauza asko geratzen dira ordu erdian bakarrik». «Ez dut uste abestirik sobera dagoenik. Oso pozik gaude grabaketaren inguruan Bill Stevensonekin bizi izan dugun esperientziarekin, emaitzarekin eta abestiekin. Biran konprobatu dugu kantuak zuzenean askoz ere potenteago eta handiago bihurtzen direla», gaineratu du Gonzalezek.

Eta kontzertuaren hasierak argi utzi zuen. Diskoaren lehen hiru kantuekin hasi ziren: “Dardararen bat”, “Zuri” eta “Infrasoinuak” indarrez sartu ziren atmosferan. Azken parterako utzi zituzten beste konposizio biribil batzuk. “Zaldi zauritua”, horietako bat. Tartean aurreko lanetako harribitxiak, “Payola” diskoko “Folkore” –Mario Vargas Llosari eskaintza eta guzti– edo “Oihu”, adibidez. Azken honek eztanda eragin zuen nekearen zantzurik ageri ez zuen publikoarengan.

Zentzua ematen dion hori

Biralitatearen garaiotan, pantailaren bestaldean jarraitu dugu taldearen jarduna azken hilabeteetan. Talde aktiboa da sareetan eta sentimendu nahasiekin bizi duten zerbait dela ondorioztatzen da beraien hitzetatik. Egiten duten hori zaleekin partekatu ahal izateko tresna baliagarria da, eta aldi berean gehiegizko esposizio batera eraman dezakeena. «Askotan faltan botatzen dut orain hogei urte taldeen inguruan zegoen misterio hori, horrek ematen zion berezitasuna», aipatu du Gonzalezek.

Misterioa, horixe da BECen larunbat honetan eskainiko duten kontzertuaren inguruan dagoena. Bira honetan Euskal Herrian emango duten kontzertu bakarra da eta ez dute nolanahiko agertokia aukeratu. «Uste dut badela zerbait euskal talde batek BECen jotzea. Gaur egun euskal kulturaren ikusgarritasunaz hitz egiten denean, askotan komentatzen da ezagunak ote diren euskal artistak euskal eszenan. Guretzako oso gau berezia izango da», dio Urbizuk.

Han izango diren milaka lagunen artean den espektazioaz ere mintzatu gara, urduritzearen bidea urratu nahi izan gabe. «Gogoekin gaude lehen kolpea eman, abiadura hartu eta disfrutatzeko. Azkenean, helburua izan behar da bizi ahal izateko momentu hori hartzea. Askotan, horrelakoetan idiak bezala jartzen gara eta konturatzerako bukatu da. Hartu behar dugu momentua esateko: hemen gaude denak, goazen honetaz disfrutatzera. Hori da gure lanari zentzua ematen diona», dio Izagirrek. Arrastoa utziko duen gau baten atarian, ez dadila haria eten.