Inazio MURUA
ZORROZTARRIA

Lotsa?

Duela zenbait urte entzuten genuen, eta esaten genuen, Estatu espainola Estrasburgoko Auzitegia bere aurka ematen hasi zen ebazpenen beldur zela. Ez dakit, ba. Kontua da ebazpen horiek ohitura bihurtu zirela eta Estatu espainolak, ohiturei oso atxikia, bere ohiturei eutsita jarraitu zuela. Estatuaren aurkako epai batzuek zigor bidegabeak ezartzea zigortu zuten; beste batzuek –zortzi, oker ez banago–, torturak ez ikertzea; azkena, berriz, Igor Porturi eta Mattin Sarasolari «tratu anker eta umiliagarriak» ematea. Betiere ebazpenak zigor bidegabeak jaso zituztenek zigor horiek bete ondoren iritsi ziren, ikertu gabeko torturak ikertu «ezin» zirenean, eta tratu anker eta umiliagarrien egileek zigorrik jaso gabe segitzen dute. Badirudi Gobernu espainola ez dela horrelako ebazpen lotsagarrien horren beldur. Badirudi epaileentzat ebazpen horiek ez direla prestigio galtze ikaragarria edo, hala balitz ere, bost axola diela.

Aste honetan Antton Troitiñok horrelako zigor bidegabe eta anker bat jaso du. Eta ez dirudi hura erabaki duen epailea ez Gobernua Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpenaren beldur direnik. «Badakizu zer lotsa pasa behar duen horrelako ebazpena jasaten duenak?», esaten genuen... lotsa?

Almeriako haurtxo baten desagertze eta heriotza tamalgarriaren inguruan antolatutako espektakuluaren erdi-erdian, gorpua zegoen hil-kaperan, Rafael Hernando Kongresu espainoleko PPko eledunak sostengu osoa eskaini zion –berea? Gobernuarena? PPrena?– haurraren familiari. Eta ez zuen alferrik galdu Madrilgo Kongresuan eztabaidatu behar zuten kartzela zigor iraunkor berrikusgarria –bizi osoko espetxe zigorra, alegia– indargabetzeko proposamenaren aldeko alderdiei «hausnartzeko» eskatzeko aukera. Berak bezala lotsa gal dezatela eskatzeko aukera. Delako kartzela zigor iraunkor berrikusgarriak salbatuko dituen haurtxoez pentsa dezatela.