24 MAR. 2018 HELDUEN LITERATURA Gorpuen misterioa Iratxe ESPARZA Ibilbide luze eta oparoa egin du Alberto Ladronek gaur egungo euskal narratiban hain ohikoa ez den genero poliziakoan eta eleberri beltzean. “Jainkoen zigorra”-n ere, Asiainek eta bere konfiantzazko laguntzaileak aurrera daramaten ikerketak balizko hilketa irrazionalaren eta misterioaren argitzearen arteko zubi-lana egiten du. Kontakizuna azaroaren 6an hasi eta abenduaren 21ean bukatzen da; bistan denez, testua kronologikoki antolatuta dago eta oso egitura lineala eta klasikoa dauka. Ekintzen hurrenkeraren ikuspuntutik ere egileak eleberri mota hauen eredu kanonikoaren alde egiten du: eginkizun kriminalak irekitzen du istorioa; ondoren, hilketen ikerketa dago –nire ustez, luzeegia, pisten etengabeko errepikatzeak protagonista kale itsu batean sartzen duelako– eta, azkenik, hilketaren zehaztasunak eta zalantza guztiak lotuz misterioaren azalpenak datoz. Mendaurko magaletan bi gorpu agertzen dira eta hilketa-kasua Leire Asiain inspektoreari egokitzen diote; hilketok giza sakrifizioaren antza daukate, hilotzak biluzik eta bihotzik gabe utzi baitituzte azteken piramideen itxura daukan paraje batean; horren ondorioz, ikertzaileek kasua beste kulturen errituekin eta mafien kontuekin erraz erlazionatzen dute. Halakoetan espero denez, ordea, hasieratik trama korapilatzen hasten da eta, suspensea areagotzeko asmoz, liburuan zehar tantaka azaltzen diren datuek pixkanaka-pixkanaka puzzlea osatzen dute eta baliagarriak dira ikerketaren norabidea eta zentzua zeharo aldatzeko. Hirugarren pertsonan idatzita, narratzaileak kasuan egindako aurrerapenak eta egunean eguneko informazioa jakinarazten dizkigun heinean, irakurleok Asiain inspektorearekin batera gertakizunaren berritasunak ezagutzen ditugu; azkenean, protagonistaren arrazionaltasun eta pertseberantziari esker, misterioa argitzen da. Ez da lehenengo aldia Foru Poliziako Leire Asiain inspektorea Ladronen argitalpenetako protagonista nagusia dena. Alabaina, guztiz ezezaguna izaten jarraitzen duela esango nuke, narratzaileak Asiaini buruz eskaintzen dituen zertzeladak urriak baitira eta, batez ere, ontasunaren ikurra eta erosezina dela erakusten dute. Egia da liburuan protagonistaren intimitatea ahultzen duten zirrikituak barreiatuta azaleratzen direla; hala nola, elikadura arazo larriak dituela edota alkoholak existentziaren alde ilunak uxatzen laguntzen diola, baina horiek ez dira nahikoa pertsonaiaren alderdi psikologikoa eta fisikoa zehaztasunez finkatzeko. Askoz gutxiago dakigu beste pertsonaiei dagokienez: on eta maltzurren binomioaren artean banatuta, haien nortasun lauagatik urrun geratzen zaizkigu, irakurlearengan erabateko enpatia sortu gabe. Beraz, horrelako eleberri askotan bezala, pertsonaia estereotipatuak topatzen ditugu, polizia-telesailetan azaltzen direnen antzekoak, prototipoak eta aurreikuspenak huts egin gabe betetzen dituztenak. Eleberriaren generoari erreparatuz, nago amaieran buelta bat ematen zaiola istorioari eta polizia-eleberri izatetik eleberri beltzetik hurbilago egotera pasatzen dela, nahiz eta bidean irakurleari horren bilakaera ez iragarri. Orduan, landa-eremuan hasten denak ikuspegi unibertsala hartzen du, mundu mailako gizartearen krisiak eta konspirazioak erdigunean jarriz, eta hasierako ikerketaren zantzuak beste dimentsio batean sartzen dira gizarte kapitalistaren aurpegirik negatiboena eta basatiena erakutsiz. Dena dela, liburuko gai arazotsuak eta sakonak gainetik narratzen dira irakurketa arina bermatuz; gainera, ikusmolde literarioaren aldetik, pentsa daiteke Ladronek estetikari lotuta dauden estrategia literarioak alde batera uzten dituela, bigarren mailara eramanez.