GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Algoritmoak


Facebook bere historiako krisirik gogorrena igarotzen ari da, ziur aski. Cambridge Analytica aholkularitza enpresako langile ohi Christopher Wylie kanadarrak eman du argitara: aholkularitza enpresa honek Facebookeko 50 milioi erabiltzaileren informazioa bereganatu zuen. Eta Wyliek dioenez, Cambridge Analyticaren parte-hartzerik gabe, Trump ez litzateke AEBetako presidentea izango, eta Brexit-aren bozketan ez luke ezetzak irabaziko. Cambridge Analyticak algoritmo zehatz batzuk sortu eta Big Data teknikak aplikatu zituen, hauteskunde kanpainako publizitatea modu segmentatuan banatzeko. Baina algoritmoak algoritmo, Facebook da hau guztia ahalbidetzen duena.

Facebookek berak ere egin ditu zenbait esperimentu bere erabiltzaileekin. 2009an erabiltzaileen gogo-aldartea neurtzeko proiektu bat jarri zuen martxan. Hau da, erabiltzaileek idatzitako hitzak eta esaldiak aztertuz, nola zeuden asmatzeko gai ote zen neurtu nahi izan zuen. 2012an harago joan zen: nola zeuden asmatu baino, euren gogo-aldartea aldatzea jarri zuen helburu. Horretarako, 700.000 erabiltzaileren albisteen sekzioa aldatu omen zuen, erabiltzaile hauen umore aldaketak aztertzeko.

Eta ildo horretan, Cambridge Analyticak hurrengo urratsa eman du: esperimentua errealitatean aplikatzea. Hauteskunde kanpaina baino lehen, erabakia hartu gabe zeuden balizko bozkatzaileen profila identifikatu zuen (Facebookeko informazioarekin), eta kanpainaren baitan euren erabakian eragiten saiatu zen (publizitatea une eta kanal zehatzetan txertatuz). Eta Wyliek esan duenaren arabera, erabiltzaile horiek algoritmoek nahi zutena bozkatu zuten. Algoritmoek masak manipulatu zituztela, alegia.

Algoritmoen aroan bizi gara. Algoritmoek erabakitzen dute zer ikusi eta partekatuko dugun. Baita zer sentitu eta pentsatuko dugun ere. Honi mugak jartzea presazkoa da. Pertsonen eta jendarteen garapenean lagunduko duten algoritmoak soilik izan behar bailukete zilegi. Eta legal. Eta hau ez da tresna hauekiko iritzi erreakzionario bat.