GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
NAIARA ARRI ETA AINHOA LARRAñAGA
ELHUYAR-eko Berdintasun aholkularia eta MU-ko Berdintasun batzordeko kidea

«Ikerketa emakumeei egokituta ere antolatu behar da»

Solasaldi luzea izan dugu Plotina Europako proiektuko bi partaide hauekin. Ikerketa egiten duten erakundeetan berdintasun plan berritzaileak diseinatu eta garatzea da egitasmoaren xedea, «arlo honetan gertatzen den emakumeen galera ez baita kasualitatea». Sei ikerketa erakundek parte hartzen dute, tartean Mondragon Unibertsitateak. Elhuyar arduratzen da komunikazioaz eta aholkularitzaz.


Naiara Arri eta Ainhoa Larrañaga Plotinako kideak dira (Promoting Gender Balance and Inclusion in Research, Innovation and Training). Nazioarte mailako proiektu honen helburua da berdintasun plan berritzaileak diseinatu eta garatzea, ikerketa egiten duten Europako erakundeetan. Eta, hala, emakume ikertzaile gehiago egotea, euren karrera profesionalean eragitea eta ikerketan genero ikuspegia txertatzea.

2016ko urtarrilean ekin zioten bideari eta erdibidera iritsi dira lau urteko egitasmoan. Partaide guztiak hasiera puntutik abiatu ziren eta horrek erran nahi du lan ugarirekin geldituko direla oraindik 2020an. Asmoa jarraitzea da. Horretarako, Mondragon Unibertsitateak (MU) kudeaketa planean txertatu du berdintasunaren aldeko ahalegina. Elkarrizketan aitzinera egin ahala barrenerago joan gara, geruzaz geruza, sakona delako arazoa eta gure bizitzako eremu guztietan duelako eragina. Plotina aunitz behar dira.

«Ikerketan, beste arloetan bezala, nagusiki zaintza lanak direla-eta eten bat gertatzen da gure bizitza profesionalean. Horregatik, emakume ikertzailearen profila sustatu nahi dugu: zer egin daiteke emakumeek ikerketa ibilbide horretan gora egin dezaten?», hasi da Larrañaga azaltzen. «Ez da ama diren ikertzaileen arazoa soilik, eta inpaktua ez da zaintzarena bakarrik –erantsi du Arrik–. Badaude faktore gehiago: egitura bera, sistema bera nolakoa den. Norberaren izenean oso zentratua, oso hierarkikoa, ordutegiak etenik gabekoak dira… Zientzia arloetan askoz ere gazteagotatik gertatzen da arrakala. Graduak hautatzean jada segregazioa dago emakumeek eta gizonek joera batzuk izaten ditugulako», aipatu du.

Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritzako fakultatean egindako diagnostikoan ikusi dute bertako graduak mutilek aukeratzen dituztela nagusiki. Aldiz, Komunikaziora joaten bagara, eta bereziki Hezkuntzara, klase batzuetan, Haur Hezkuntzan adibidez, bi ikasle mutil daude bakarrik. Hortaz, unibertsitateko berdintasun planean jaso dute Ingeniaritzara emakume gehiago eta Hezkuntzara gizon gehiago erakartzen saiatzeko xedea.

Partaideak

Europako diru laguntza deialdi batera aurkezteko partzuergo bat osatu zutela agertu du Arrik. «Koordinatzaile edo lider papera Boloniako Unibertsitateak du, eta sei ikerketa erakundek parte hartzen dute, gehienak unibertsitateak, horien artean MU. Bestelako hiru erakunde gaude, tartean Elhuyar, komunikazio eta aholkularitza arduraduna». Portugal, Ingalaterra, Turkia, Italia, Eslovenia eta Austrian dituzte kideak.

Aholkularien laguntzarekin erakunde bakoitzak bere berdintasun plana diseinatu du. Horretarako lehendabiziko pausoa diagnostikoa egitea izan da. Bost arlo zehaztu dituzte: erabaki organoak, kontziliazioa, kontratazioa eta garapen profesionala, ikerketa eta curriculuma. Bakoitzari bere helburuak jarri eta horiek betetzeko ekintzak aurreikusi dituzte. MUn jada onartu dute plana eta orain ezartzen ari dira, baita, aurrera joan ahala, ebaluatzen ere.

Bakoitzaren abiapuntua, jomugak eta eragozpenak ezberdinak dira. Praktika onak partekatzeko biltzen dira eta bidean elkarrengandik ikasten doaz, Skype ugari erabiliz.

Bigarren buelta bat eman

Erabaki guneak behatuta, MUn ohartu dira Eskola Politeknikoan eta Enpresagintzan gizonak direla nagusi. Huhezin, berriz, emakume gehiago dira eta erabaki organoetan ere emakumeak daude. Bizitza pertsonalaren eta profesionalaren kontziliazioari begiratuz, emakumeak dira batez ere lan jarduna murrizten dutenak edo eszedentziak hartzen dituztenak. Horren ondorio bat soldata arrakala da.

Larrañagak adierazi duenez, inportantea da ikerketa emakumeen beharretara egokituta ere antolatzea, baita egiten dituzten ikerketetan genero ikuspegia aintzat hartzea ere. «Minbiziari kontra egiteko medikamentu bat ikertzen ari bagara ez da berdina emakumeengan edo gizonengan zentratuta egitea. Sarri gizonengan zentratuta egin denez ikerketa, ez dira aintzat hartu emakumeengan izan ditzakeen ondorioak». Aurkeztu duten proposamenetako bat izan da diseinu ingeniaritzan, eskuko tresnak, zulagailua edo aitzurra adibidez, emakumeen beharretara egokituta egitea. «Zulagailua ez dadila astuna izan, emakumeok sekula erabiliko ez duguna».

Nahiz eta zientzia eta teknologiako arloan erdiak baino gehixeago diren doktore emakumeak, gero benetan ikerketan lan egiten dutenak %30 bakarrik dira. Europako eta Mendebaldeko herrialdeetako datu orokorra da. Hierarkian zenbat eta gorago, orduan eta emakume gutxiago. «Bolivian, emakumeak %60tik gora dira. Sekulako aldea dago», aipatu du Elhuyarreko aholkulariak: «Emakumeen galera hori ez da kasualitatea. Bigarren buelta bat emanez gero eta betaurreko egokiekin begiratuz gero badaude garatu daitezkeen ekimenak».

Curriculumean zaintza jaso

MUko berdintasun batzordeko kideak adibide bat jarri du: «Edozein tesi epaimahaitan egoteko ezinbestean erakutsi behar dut nire curriculuma. Bertako merituak ez dira zenbat irakasten dudan edo zer kudeaketatan nabilen, baizik eta zeintzuk diren argitaratu ditudan azken artikuluak. Etena gertatu eta ez badut argitaratzen nire curriculuma oso zaharkitua geldituko da. Horregatik, aurrerantzean curriculumean jasoko da umeen edo gurasoen zaintza». Etena gertatu den urte horietan egindako lanak islatu eta balioan jarri nahi dituzte.

Diagnostiko kuantitatiboa ez ezik, kualitatiboa ere inportantea izan da: «MUn batzuek uste zuten kooperatiba izanik berdintasuna bermatuta dagoela; besteek, ordea, pentsatzen zuten asko dagoela egiteko. Zenbat eta kontzientzia handiagoa, argiago ikusten da beharra. Prozesu honek beronek balio behar digu pedagogia egiteko».

Istanbuleko azken bileran, Plotinako partaideek langileen sentsibilizazioa indartu dela aipatu zuten. Halere, langile guztiengan inpaktua izatea zaila da. Aunitzek lehenbizikoz planteatu dituzte galdera batzuk eta hausnartzeko balio izan die. Diagnostikoak, plangintza aurkeztu eta garatzen hasteak, zalantzak sortzeak, horrek guztiak jendea bustitzen lagundu du.

Planak erabaki politikoak ekarri behar dituela pentsatuta, MUn saio bat egin zuten, Elhuyarrek dinamizatuta, kontseilu errektore, zuzendaritza eta berdintasun batzordeetako kide guztiak bilduta. Larrañagak azpimarratu duenez, «oso positiboa» izan zen, «benetako borondatearen» erakuslea.

Plotinako kideen artean badituzte unibertsitate erraldoiak eta txikiagoak, gehienak publikoak. MU berezia da, kooperatiba delako. Turkiako unibertsitatea ere pribatua da, hagitz gaztea, partzuergoan emakumezko errektorea duen bakarra. «Txikiagoek aukera eta malgutasun handiagoa daukate. Era berean, handiago horietan ematen diren pausoen inpaktua ere oso handia izan daiteke. Elkarrizketa batean gaude eta guretzat interesgarria da erdian egotea eta batzuek eta besteek nola jokatzen duten ikustea», agertu du Arrik.

Kudeaketa, beste era batera

Berdintasuna lantzea ez da bakarrik neurri batzuk martxan jartzea unibertsitate zehatz batzuetan. Plotinako partaideek defendatzen dute sistema bera berraztertu eta eraldatu behar dela, bikaintasuna eta zientzialaria ulertzeko dugun modua. «Bestela horma baten kontra segituko dugu».

MUko berdintasun batzordeko kideak azaldu duenez, aldizkari zientifiko esanguratsuenetako erabaki organoak batez ere gizonek osatzen dituzte, eurek erabakitzen dute artikuluak argitaratu ala ez, eta badirudi gizonek idatzitakoak saritzeko joera dutela. Hortaz, emakumeek erabaki dute, adibidez, «Ainhoa Larrañaga» sinatu beharrean «A. Larrañaga» sinatzea.

Honekin lotuta badago Yaleko Unibertsitatearen (New Haven, AEB) ikerketa bat. «Bi curriculum bidali zituzten, berdin-berdinak, baina izen desberdinarekin, Jennifer eta John. Erakunde berdinetara bidalita erantzunak erabat desberdinak izan ziren: Johnek askoz ere eskaintza handiagoak jaso zituen. Horregatik da horren garrantzitsua kontratazioetan dauden pertsonekin ere lan egitea», nabarmendu du Elhuyarreko aholkulariak.

Kudeaketa bertze era batean egitea ere aldarrikatzen dute. «Ebaluazio profesionala egitean zer hartzen da kontuan, zenbat argitaratu duen edo proiektu lehiakorretan dabilen bakarrik? Agian sekulako irakaslea da. Beste irizpide batzuk ere kontuan hartu behar dira, hain lehiakorrak ez direnak».

Praktika onak egin eta erreminta kutxa bat sortzea da asmoa, unibertsitate eta ikerketa zentroetan berdintasuna aplika dadin.

 

«Aldatzeko zenbat duzun ohartzen zara»

Plotinarekin pertsonalki zer ikasi duten galdetuta, hala erantzun du Naiara Arrik: «Aholkularitzan ohituta gaude toki zehatz batera joan, diagnostikoa egin eta plana diseinatzera. Zuzenean lan egiten dugu, ez Skype bidez, eta proiektu laburrak izaten dira, urtebetekoak asko jota. Kasu honetan hasieratik bertan egon gara, sei erakunde oso desberdinetan ari gara prozesu bera garatzen aldi berean, eta arlo berri bat ere izan da. Uste nuen unibertsitatea badela emakume asko dauden sektore bat, eta ikusi dut emakumeen galera hori zelan gertatzen den, ez daudela ardura postuetan, ez direla erakunde erabat demokratikoak… Zientzia sistemak dituen gabeziak joan gara ikusten eta interesgarria izan da».

Ainhoa Larrañaga feministago egin du proiektuak. «Konturatzen zara zuk ere badaukazula ikaragarri ikasteko eta batez ere badaukazula ikaragarri zure eguneroko bizitzan aldatzeko. Hori nahiko iraultzailea izaten ari da pertsonalki. Jende guztiak esango du berdintasunaren alde dagoela, baina nik uste gehiengoak ez duela ikusten sakonean dagoen arazoa. Zaintzan dagoen desoreka kasu. Turkiakoek ikertu zuten emakume baten bizitzan ezkondu eta bost urteko epean izandako garapen psikologikoa; ezkondu, umeak eduki eta ia depresio batera nola iristen ziren, karga guztia beren gain. Gurean ere nork hartzen du zaintza bere gain? Ze inpaktu dauka horrek?».M. I.