02 AVR. 2018 MENDIKO ESKIA Alfredo Markinezek omenaldia jaso du EMFren 40 zeharkaldiak egiteagatik Martxoaren 18an, Panticosa inguruko mendietan, Euskal Mendizale Federazioaren aurtengo mendiko eski zeharkaldia egin zen. Ezohikoa bada ere, eskiatzaile arabarrak orain arteko 40 edizioetan parte hartu du. Andoni ARABAOLAZA Euskal Mendizale Federazioak (EMF) antolatzen duen mendiko eski zeharkaldiaren 40. ekitaldia berezia izan da oso. Eta hori diogu batere ohikoa ez den berri bat eman zelako. Inork ez du ezustean harrapatu, baina uste dugu azpimarratzeko modukoa dela. Esan dugu dagoeneko 40 zeharkaldi egin direla; bada, Alfredo Markinez guztietan ala guztietan egon da. Zifra ezohiko hori kontuan hartuta, mendi federazioak eskiatzaile arabarrari omenaldia egin zion. Pirinioetako mendien baldintzak ikusirik, onartu behar da mendi zeharkaldian parte hartu zutenek zorte handia izan zutela. Eguraldia lagun izan zuten, eta, denera, Panticosa inguruko mendietan atondu zen ibilbidean 40 eskiatzailek jardun zuten. Foratulas eta Piniecho mendiak igo zituzten, 11 kilometro eta 1.200 metroko desnibela zuen ibilbide ederra osatuz. Antolatzaileak, Mountain Lines eta Basque Mountain Guides enpresak, pozik ziren deialdiak izandako harrerarekin: «Federatuentzat prestatzen den zeharkaldia da, lehiaketa zantzurik ez duena, eta bertaratutakoek gozatu egin dute; besteak beste, ibilbide seguru eta dibertigarrian eskiatzeko aukera izan dutelako». Omenaldia Baina inolako zalantzarik gabe, 40. ekitaldiko protagonista nagusia eskiatzaile bat izan zen: Markinez. 40 zeharkalditik 40 egin ditu, eta, horregatik, ibilbidea amaitu osteko bazkarian, omenaldi beroa jaso zuen. Bildutakoen aitortza jaso ondoren, 75 urteko mendizaleak, umorez, honakoa adierazi zuen: «60 urte betetzen direnean, sasoiak bina urteka egiten du atzera; eta, 7o urtetik gora, berriz, hirunaka. Federazioa bera eta aurtengo antolatzaileak eskertu nahi ditut, baina nire lehen aitortza Sorospen Taldekoei zor diet, orain arte egin duten lan guztiarengatik». Eta azken hori aipatu zuen, Euskal Mendizale Federazioaren Sorospen Taldeak duela bi urtera arte zeharkaldiak antolatu dituelako. Omenaldian zehar, Markinezek mendiko eskiaren alde ez lehiakorraren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen: «Kronometro eta sailkapenak alde batera utzita egiten diren ekimenak txalotzen ditut. Eskiatzaile asko daude beren kabuz hainbat zeharkaldi egitera ausartzen ez direnak. Aldiz, federazio eta mendi elkarteek antolatutako hitzorduotan seguruago sentitzen dira. Argi dut 41. ekitaldian izango naizela. Aurtengoa oso ondo atera da, bikain antolatu dute». OMENALDIA Joan den martxoaren 18an, Euskal Mendizale Federazioaren mendiko eski zeharkaldiaren 40. edizioa egin zen. Alfredo Markinezek aitortza jaso zuen orain arteko edizio guztietan parte hartzeagatik.