GARA Euskal Herriko egunkaria
Eskalada

«CaraMono», Alberto Urtasunen proposamen luze berria

Eskalatzaile nafarrak, beste hiru kiderekin batera, Mallorcan hamalau luze dituen bide berria zabaldu du. Lau eguneko jardunean zabaldu dute, eta zailtasun gorena 7a+ da. Paraboltak soilik plakak dauden sekzioetan jarri dituzte.


Alberto Urtasun berriro aritu da esploratzen. Hormak ditu gustuko, eta haietan hainbat luzetako bideak zabaltzeari behin eta berriro ekiten dio. Bere azken “jolas eremua” Mallorca izan du. Egia da uharte horretan turismo masifikatuak sona handia duela, baina, ere berean, eskalatzaileentzat zein mendizaleentzat jakina da irla horrek makina bat mendi eta pareta dituela.

Horietako bat Tramuntana mendilerroa da. Bada, Escorcako hormatzarretan eskalatzaile nafarrak ekarpen berria egin berri du. Harekin batera honako kide hauek ere jardun dute: Xisco Cifre eta Felix Sanchez balearrek eta Ruben Martinez valentziarrak.

Laukoteak proposamen luze berri bat egin du. “CaraMono” du izena, eta hamalau luze ditu. Protagonisten iritziz, Balearretako biderik luzeenetarikoa da. Hamalau luze horiek zabaldu ahal izateko, Urtasunek eta enparauek lau eguneko jarduna behar izan dute. Hain zuzen ere, sormen lan hori joan den martxoaren 14an, 15ean, 16an eta 17an egin zuten.

Luze bakoitzak honako zailtasuna du: 6c, 7a+, V+, 7a, 6a, 6a, 6b+, V, 6b, 6b+, 6c, 6a+ eta 6a+. Irakurtzen den bezala, ez du muturreko zailtasunik, ezta gutxiagorik ere. Gehienez, 7a+ gradua eskalatu behar da, baina, nafarrak nabarmendu digun bezala, gradu horiek ez dira inolaz ere gutxietsi behar: «Hainbat sekziotan zailtasuna halabeharrez gainditu behar da. Beste zati batzuk, berriz, arriskutsuak dira. Hori guztia kontuan izanda, bide hau eskalatzeko sasoian izan behar da».

Aurkezpen hori egin eta gero, Urtasunek azpimarratu nahi izan digu bere kideekin batera ireki berri duen marrak oso gustura utzi duela: «Asko bete nau, besteak beste, badirudielako gure ingurumarian eremu isolatu eta ukitu gabeak ez daudela; hots, estaldurarik gabeak. Baina, zorionez, abentura kutsua duen alderdi berri bat ezagutu dut. Alderdi basatia eta zirraragarria. Eta hori guztia autotik pare bat ordura. Bestalde, Mediterraneoan kirol eskaladak egundoko goraldia du; hau da, Grezia, Sardinia, Sizilia edo Balearrak bezalako eremuetan milaka bide zabaltzen dira. Baina paretako eskalada zein abenturakoa oraindik ez dira lehertu. Eta Mediterraneo osoan, ez soilik Balearretan, makina bat hormatzar ukitu gabe daude. Zoritxarrez, bide horiek guztiak itsasotik gertu daudenez, seguruak erdoildu egiten dira, eta bertako ekipatzaileentzat zein mendi federazioentzat arazo handia da hori».

Bide basatia

“CaraMono” bideari dagokionez, eskalatzaile nafarrak aurreratu digu Xisco Cifre kideak “fitxatuta” zuela: «Xisco Mallorcakoa da. Eta eskalatzaile indartsua izateaz gain, makina marra zabaldu ditu. Balizko marra bat buruan zeukan, aztertu baino aztertuago. Eta astro guztiak lerrokatu direnean, laurok elkartu eta ‘CaraMono’ bidea zabaltzeko aukera izan dugu».

Escorcako pareta luzeetan dagoen proposamen berriak lan eskerga eskatu die: «Inolako zalantzarik gabe, aitor dezaket eskalada basatia eta ikusgarria izan dela. Azpiegiturari dagokionez, asko eskatu digu, hormara heltzeko zein bidearen goi aldetik ateratzeko ez baita batere samurra izan. Aurreratu behar dut ere ‘CaraMono’ ezin dela rapelatu; besteak beste, bide nahiko bihurria atera zaigulako. Gainera, horma horrek landaretza asko du, eta zati garbienak bilatzen jardun dugu. Garbiketa lana ere garrantzitsua izan da. Uste dugu agerikoa den bost izarreko bidea atera zaigula».

Hormaren erdian tximu baten itxura duen zati bat dago, eta haren azpitik eskalatzen da: «Horregatik izen hori jarri diogu. Denera, 45 parabolt jarri ditugu. Horiek plaketan zein bileretan azaltzen dira. Beste sekzioak garbi daude. Kareharriaren kalitatea bikaina da; oso itsaskorra ere».