04 AVR. 2018 IKUSMIRA Beharrak, mirariak eta negozioa Maider Eizmendi Kazetaria Platertxoan kroketak hartu eta ni nora bera hara ibili zen goiz osoan. Parrandaren ajea zen beharbada, baina ez zidan nonbait aurpegi onik ikusi eta jatekoa erremediorik hoberena nuela pentsatu zuen. Argal ikusten ninduen eta berak argaltasuna tristurarekin eta ondoezarekin lotzen zuen zuzenean. Sasoi honetan ugaritu egiten dira telebista nahiz bestelako komunikabideetan eder eta argal egoteko mirarien iragarkiak. Ikusten ditudanean beti akordatzen naiz berarekin. «Txorakeria galanta!», irtengo zitzaion zart, arreta handirik eskaini gabe. Kontsumitzaileen elkarte batek azken boladan bolo-bolo iragartzen diren zelulitisaren kontrako hamar krema aztertu ditu horien eraginkortasuna frogatzeko eta ondorioztatu du horietako bakar batek ere ez dituela iragartzen dituen emaitzak lortzen; hilabetean egunero emanagatik apenas sumatzen dela eraginik. Eta orain zer? Bada berdin jarraituko dugu seguru asko, errenkadan iristen diren iragarkiek azkar ahantzaraziko digutelako ikerketa honek ondorioztatutakoa, eta ikusiaren ikusiaz zelulitisaren aurka edota aurpegiko zimurrak eragozteko mirariren baten bila jarraituko dugulako. Eta etsitzen badugu? Bada sortuko dizkigute ordura arte izan ez eta berriak diren beharrak, mirari premiak... Inoiz baino informazio gehiago izanda kontsumitzaileak gero eta galduago gabiltzala dirudi, eta ez bakarrik edertasunari lotutako produktuei dagokienez. Hau halakotarako ona da, hau txarra, hau halakok erabiltzen du... Txorakeria? Negozio eta zigor galanta bai behintzat.