Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Kontuak kontu, zenbakiek erabaki

Aberri Eguna joana da, baina egunak hemen dira, eguzki zein euri. Horien denbora baliatu behar, bidea ibiltzeko. Tira, albisteen harira! Zenbakiek dute, ostera, politikaren giltza hartu, eurek ez badakite ere. Gizajoak! Gure beheko Estatuaren ganberan 175 boto behar dituzte, nahitaez, aurrekontu esaten duten atzekontuak aurrera ateratzeko, eta 170 seguru dutenez, planeta honetako munduetan zerbait seguru bailegoen!, bada 5 behar dituzte. Hortaz, literatura politikoaren arotxoa zabaldua da, komodin modurako esaera zaharrak eta potoak tartean, 5 horiek kosta ahala kosta eskuan izateko, behar den leku eta unean; eta iparreko kostari begira paratu dira! Baina 5 horiek 155 jarri dute muga, ustez. Usteak ustel, 11 kasutan. Nonbait, 155rekin 5 ez. Baina beheko Estatuak ipar-ekialdeko mugan duen Estatutik 155 kenduta ere, konstituzio zer horren letra larrian du iraungo, 154 eta 156 tartean, 2 eta 8 horien babespean, itsas zabaleko nabigatzaile ausarten itsasargi.

Aurrekontuak aurrekontu, eta kontuak kontu, Euskal Konfederazioan bertan geratuta, mendebaldeko lurretan 39 behar dira ganberan aurrera egiteko. 39 horrek jartzen die akordiorako neurria aurretik dena neurtuta behar dutenei, ezustekorik izan ez dadin; politikak malgutasunik ez, demontre! Politika 4.0 balitz sikiera! Bada ez, 5 axola dio atrebentziak politikari. 11 amen. Gauzak horrela, Aberri Eguneko hitzaldi batzuk gogoan: urrutiko intxaurrak 14, gerturatu eta 4. Eta Katalunian 66 da neurria, Kataluniako Kataluniaz nabil; ez pentsa, ni neu ere nahasten naiz, hainbeste Katalunia izanda egun Europan! 11 gutxienez. Ama, ama! Atera nadin zenbakitik behingoz! Esne-sektoreak bizitzeko deia egin berri du. Bat nator, hamaika behi dira hemengo lurretan; hortaz, euskal behiak euskal larretan bizi eta lan!