14 AVR. 2018 Aizkora Izen ezagunak ere hasi dira agertzen Urrezko lehiaketan Gaurko saioa Zumaiako Odieta pilotalekuan jokatuko da, 18.00etan hasita. Jon LEUNDA Atsedenaren ostean, badator berriro ere Urrezko Aizkora, eta apurka-apurka izen ezagunak ere hasi dira agertzen, eta hemendik aurrera ere joango dira sartzen. Jexuxmari Mujika, Aratz Mugertza eta Jokin Alkizalete gipuzkoarrak, Iban Resano nafarra, Manuel Fraile segoviarra eta David Naredo asturiarra izango dira aste honetan lanean arituko diren aizkolariak. Bi fase jokatu beharko dituzte. Aurrenekoan, bi multzo egingo dira, bakoitza hiru aizkolariz osatutakoa, eta gero aurreneko biak pasatuko dira bigarrenera. Multzo bateko lehenengoak besteko bigarrenaren aurka jokatuko du finala, eta bi irabazleak sailkatuko dira hurrengo kanporaketarako. Lehen fasean aizkolari bakoitzak 45 ontzakoa ebaki beharko du erlojuz kontra, eta bigarren proban, berriz, 45 ontzako bat eta ondoren kana-erdiko bat, beti ere enborrak etzanda jarrita. Bigarren faseko lana, berriz, bestelakoa izango da, eta hor aurrena zutik jarritako 45 ontzako enborra erdibitu beharko da, eta ondoren, berriz, etzanda jarritako 45 ontzakoa eta kana-erdikoa. Saioa gaur jokatuko da 18.00etan Zumaiako Odieta pilotalekuan. Harri-jasotzea Binakako Urrezko Harri-jasotze Txapelketa ere gaur bertan abiatuko da Zumaiako Odieta pilotalekuan. Aizkolariekin batera, bertaratzen diren zaleek, harri-jasotzeko aurreneko jardunaldia ikusteko parada ere izango dute. Honako hauek izango dira lehiaketan arituko direnak: Peñagarikano eta Albizu, Ilarramendi eta Lopetegi, Urruzuno eta Eizagirre, Ugartemendia eta Telleria IV.a, Eizmendi eta Gisasola eta Aranburu eta Ostolatza. Saio bakoitzean, bikoteko kide batek 163 kiloko zilindro zaharra erabili beharko du; beste kideak, berriz, 113ko kubikoa. Bi saio hauetan bakoitzak hiru minutuko txanda bat izango du lanerako. Azkenik, 100 kiloko bola erabili beharko dute txanda librean, eta hor lau minutuko txanda izango dute. Saio bakoitzaren amaieran kilo guztiak batuko dira, eta bikote bakoitzak bi jardunaldi izango ditu. Amaieran kilorik gehien dutenek lortuko dute finalean izatea. Gaur Peñagarikano eta Albizu arituko dira.