16 AVR. 2018 Harri-jasotzea Mikel Lopetegi gazteak lehen txandatik aginduz irabazi du Aiako Torneoa Zarauztarrak 400 kilotik gorako aldea atera zion bigarren postuan sailkatu zen Inhar Urruzono bizkaitarrari. Iñigo Eizagirrek lortu zuen hirugarren lekua. Jon LEUNDA Mikel Lopetegik irabazi zuen atzo arratsaldean Aiako probalekuan jokatu zen Aiako Torneoa. Lehiaketa oso berezia izan zen; izan ere, kirolari bakoitzak nahi zuen harria eta nahi zuen pisukoa eramateko aukera zuen. Bakoitzak hiru minutuko hiru txanda izan zituen lanerako. Harri-jasotzaile guztiek zilindro kopa erabiltzea erabaki zuten. Zarauztar gazteak hiru txandetan agindu zuen. 100 kiloko zilindro kopa erabili zuen. Aurreneko txandan 41 jasoaldi lortu zituen. Bigarrengoan 38 jaso zituen, eta hirugarrengo eta azkenekoan 37 jaso zituen. Beste faboritoa, Inhar Urruzuno, bigarren sailkatu zen. Bizkaitarrak, gainerakoak bezalaxe, kopa erabili zuen, baina berak 125 kilokoa ekarri zuen. Aurreneko txandan 30 jasoaldi lortu zituen, bigarrengoan ere bai, eta hirugarrengoan, 28 egitea lortu zuen. Iñigo Eizagirre sailkatu zen hirugarren. 35 jasoaldi lortu zituen aurreneko txandan; 34, bigarrengoan, eta 33, berriz, hirugarrengoan. Laugarren postua izan zen Gorka Etxeberriarentzat. Oriotarrak 88 kiloko harria erabili zuen. 36 jasoaldi lortu zituen lehen txandan; 34, bigarrengoan, eta 32, hirugarrengoan. Sebastien Martikorenak 100 kilokoa erabili zuen. Aurreneko txandan 30 jasoaldi egin zituen, baita bigarrengoan ere, eta 28, hirugarrengoan. Julio Jimenezek ere 100 kiloko harria erabili zuen. Avilakoak 29 jasoaldi lortu zituen aurreneko txandan. Bigarrengoan, 26, eta hirugarrena oso indartsu bukatu zuen, 28 jasoaldi lortuta. Denera, Lopetegik 11.739,2 kilo jaso zituen; Urruzunok, 11.268 kilo, eta podiuma Eizagirrek osatu zuen, 10.322 kilo jasota. Hiru horien atzetik, Etxeberria (9.057 kilo), Martikorena (8.835,2 kilo) eta Jimenez (8.300 kilo) sailkatu ziren. Urrezko lehiaketa Harri-jasotzaileen Binakako Urrezko Lehiaketa hasi zen herenegun arratsaldean, eta Peñagarikano eta Albizu aritu ziren. Aurrena, 163 kiloko zilindro zaharrarekin jardun zuen bikoteko kide batek; Peñagarikano izan zen hori. Hiru minutuko txanda batean 7 jasoaldi lortu zituen. Ondoren, denbora berean, hiru minutuko txanda batean, alegia, taldeko beste kideak, Albizuk, egin behar izan zuen lan 113 kiloko kubikoarekin. Berak 19 jasoaldi lortu zituen. Azkenik txanda librean aritu ziren, eta lau minutuko txanda batean 100 kiloko bolarekin jardun ziren lanean. 58 jasoaldi lortu zituzten. Denera 84 jasoaldi eta 9.088 kilo jaso zituzten. HARRIAKirolariek nahi zuten harria eta nahi zuten pisukoa erabiltzeko aukera zuten, eta zilindro kopa hautatu zuten guztiek. Inhar Urruzunok 125 kilokoa erabili zuen, eta Gorka Etxeberriak, 88koa. Gainerako guztiak 100 kilokoarekin jardun ziren.