16 AVR. 2018 Aizkora Mugertza eta Alkizalete sailkatu dira J.L. Aratz Mugertza eta Jokin Alkizalete izan dira Urrezko Aizkorako hurrengo kanporaketa jokatzeko txartela lortu duten bi aizkolariak, herenegun arratsaldean Zumaian jokatu ziren kanporaketetako onenak izan baitziren. Sei aizkolari lehiatu ziren kanporaketa horretan, eta hiruko bi multzo egin zituzten. Jokin Alkizalete, Iban Resano eta Manu Fraile lehiatu ziren batean. Bi lan ezberdin egin behar izan zituzten. Hasteko, erlojuz kontra 45 ontzakoa ebakitzea, eta ondoren, etzanda jarritako 45 ontzakoa eta kana-erdikoa. Resano izan zen multzo honetako aizkolaririk onena. Lan guztiak burutzeko, 4 minutu eta 36 segundo behar izan zituen. Alkizaletek, berriz, 19 segundo gehiago behar izan zituen, eta Fraile segoviarrak, berriz, 36 segundo gehiago pasatu zituen. Ondorioz, Resano eta Alkizalete pasatu azkeneko fasera. Beste multzoan, Aratz Mugertza, David Naredo eta Jexuxmari Mujika aritu ziren. Mujika izan zen azkarrena, lanak 4 minutu eta 44 segundoan amaituta. 13 segundora Mugertza III.a sailkatu zen, eta Naredo asturiarra, minutu batera. Mujika eta Mugertza sailkatu ziren. Azken proban, aurrena zutikako 45 ontzakoa moztu behar zuten, eta gero etzaniko 45 ontzakoa eta kana-erdikoa. Mugertza III.ak Resano hartu zuen mendean. Mutrikuarrak 6 minutu eta segundo batean burutu zituen lanak; nafarrak, berriz, 26 segundo gehiago behar izan zituen. Beste finala Alkizaletek irabazi zuen. Lan guztiak burutzeko, 5 minutu eta 6 segundo behar izan zituen, eta Mujikak, berriz, 14 segundo gehiago.