GARA Euskal Herriko egunkaria
GUTUNAK

1.650 sinadura erantzunik gabe


Iragan otsailaren 9an, sinatzaileei emaniko hitza betez, EH Bildu, Baleike eta Irabaziko zinegotziok 1.650 sinadura erregistratu genituen Foru Aldundiko egoitza nagusian, Lurraldebus zerbitzuaren hobekuntza eskatuz eta murrizketak salatuz.

Bi hilabete igarota, ez dugu erantzunik izan.

Oso larria iruditzen zaigu. Foru Gobernuari ahoa betetzen zaio “parte hartzea” edota “herritarrak entzun” bezalako kontzeptuekin, baina gure kasuan ezer ere ez. Isiltasuna lege.

Ez dute merezi sinatzaileek dagokien arreta? Arrasateko 3 alderdi politikoren lana ezerezean geratuko al da? Kalkulu politikoren bat egingo zuen EAJ-PSOE tandemak, oposizioko alderdiei egin behar zaien kasuaren inguruan. Akats larria da gure ustez, kaltetuak Arrasateko autobus erabiltzaileak baitira euren egoera hobetuta ikusten ez duten heinean. Denbora aurrera doa eta ondo funtzionatzen ez duenak ez du konponbide magikorik izango.

Ez dugu atzera egingo. Zerbitzu publikoetan eginiko murrizketak salatzen jarraituko dugu. Espero duguna da Markel Olanoren exekutiboak jarrera aldatzea eta herritarren eskariari tartea ematea.

Azkenik, Arrasateko udal erregistroan sinaduren kopia bat ere erregistratu genuen. Badakigu Foru Aldundira igorri zituztela kopiak, baina zerbait gehiago behar dugu. Herritarren arazoek arreta publikoa behar dute eta ez legoke gaizki udalean ere gaia jorratuko bagenu. Nahiz eta eskumena munizipala ez izan, kaltetuak Arrasateko erabiltzaileak baitira.

Lanerako disposizioa eta proposamen sorta dugu. Orain 1.650 sinadura eta 3 alderdi politiko dira arreta merezi dutenak.