GARA Euskal Herriko egunkaria
Berezkoak

Angelun abiatuko dira Binakako finalerdiak


Berezkoen Binakako Txapelketako finalerdiak gaur eta bihar jokatuko dira, Angelun eta Pauen. Bietan gainera, Lehen eta Bigarren mailakoak jokatuko dira.

Lehen Mailan ez da ezusterik izan, eta ligaxkako lehen lau sailkatuak arituko dira elkarren aurka. Larraldek eta Iturbek Bigarren Mailako lehen sailkatuekin kanporaketa jokatu behar izan zuten, baina hori gainditu dute, eta hemen izango dira. Garbi dago behetik gora egin dutela, eta kontuan hartu beharko direla Lehen Mailako eta Bigarren Mailako Buruz Buruko txapeldunak.

Etxegaraik eta Bilbaok lehen fase bikaina egin dute, eta lehen postua ere eskuratu zuten. Hori guztia kontuan hartuta eurak dira Baionako Moderneko finalean aritzeko faboritoak, baina horretarako lan asko egin beharko dute. Helburua atzean jokatzea izango da, Larralderi aukerarik eman gabe, eta Iturberi lana pilaraziz, baina ikusi beharko da asmo horiek nola ateratzen zaizkien.

Angeluko jaialdi hau 19.00etan hasiko da, eta aurreneko partida Bigarren Mailako finalerdia izango da. Elgart eta Cubiat izango dira Monzeren eta Lazkanoren aurka jokatuko dutenak. Hemen, dudarik gabe, Elgart eta Cubiat dira faboritoak. Lehen faseko onenak izango dira, eta txapela lortzeko ere eurak dira faborito nagusiak.

Pauen

Bigarren finalerdia Pauen jokatuko da bihar, eta hor ez dago faborito garbirik. Waltari eta Gixandut Intxausperen eta Ducassouren aurka arituko dira. Ducassou bere lesioa gainditu bezain azkar hasi zen Binakakoan, eta lehen partidan gaizki ibili bazen ere, gerora bere jokoa berreskuratzen joan da, eta une onean iristen da finalerdi hauetara. Gainera, aurrean Intxauspek bikain laguntzen dio, eta agian eurak izan daitezke faboritoak.

Waltari eta Gixandut ere oso bikote sendoa da. Gixandut sekulako txapelketa egiten ari da, eta garbi dago atzean Ducassourekin batera onena dela. Kubakoak, berriz, egunak ditu, eta ona baldin badu min egin dezake. Ez dauka lehengo kolpe hura, baina oraindik jokoa badauka, eta saiatuko dira finalean sartzen. Bearnoko hiriburuko jaialdia ere 19.00etan hasiko da eta Bigarren Mailako finalerdia izango da aurrena. Bielle eta Palomes Lanberten eta Migueltorenaren aurka arituko dira.