24 AVR. 2018 Datorren kurtsoan haur eskolak ez direla doan izango salatu du LABek Haur eskoletan doakotasuna lortzeko lehen urrats gisa, 18.000 euro baino diru sarrera apalagoak dituzten familientzat sarbidea dohainik izatea eskatu zion Gasteizko Legebiltzarrak Lakuari joan den martxoan. Baina, oraingoz, «propaganda egin arren», ez da neurririk hartuko, atzo LABek gaitzetsi zuenez. GARA DONOSTIA Haurreskolak Partzuergoa doakoa izatearen alde borrokan jarraituko duela eta bide horretan ez duela «iruzurrik» onartuko ohartarazi zuen atzo LABek Lakuaren jarreraren aurrean. Sindikatu independentistak kritikatu zuenez, datorren ikasturtean Gobernuak ez du haur eskoletan doakotasuna ezarriko urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten familientzat, nahiz eta Gasteizko Legebiltzarrak hala onartu ostean eskaera egin zion. LABek ohar batean esplikatu zuenez, urte hasieran Lakuak, foru aldundiek eta Eudelek konpromisoa hartu zuten Familien eta Haurren aldeko Ituna sinatuz xede horrekin politika publikoak garatzeko. Orduan, sindikatuak ohartarazi zuen plan haren baitan, beste gauza batzuen artean, ez zela jasotzen jaiotzatik haurrek aukera berdintasunean daukaten hezkuntza eskubidea eta ez zela inolako pausori ematen haur eskolen doakotasunaren bidean. Geroago, martxoaren 21ean, familia-politikari buruzko eztabaida monografikoa egin zen Legebiltzarrean, EH Bilduren eskariz. Koalizioak «oso balorazio ona» egin zuen, aurkeztutako 46 proposamenetatik 26 onartu zituelako Parlamentuak. Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi zuen hala Lakuaren Familien aldeko Itunak zuen ikuspegi laburra neurri batean behintzat zuzendu zutela. Aurrera ateratako neurrien artean zeuden lan eta eskola ordutegiak bateratzeko beharra, kalitatezko enpleguaren eta soldata igoeren aldeko ekimenak, kontziliazioa eta ardura banaketa sustatzeko politikak zehazteko plan bat (sei hilabetean egiteko), mugimendu feministarekin elkarlanerako espazioak sortzea, eta urtean 18.000 euro baino diru-sarrera apalagoak dituzten familientzat haur eskolak doan izatea, haur eskolen doakotasunaren bidean lehen urrats gisa. Lakuari eskaera LABek, beraz, kuota berritzeko eta 2018-2019 ikasturterako indarrean jartzeko eskatu zion Lakuari, apirilaren 30etik maiatzaren 11ra artekoa baita izena emateko epea. Sindikatuak salatu zuenez, Gobernuak «lana eta familia uztartzeko neurri berrien gaineko itzelezko propaganda» egin du, baina, oraingoz, ez dira indarrean jarriko, Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko lehendakari Cristina Uriartek apirilaren 17ko azken bileran aurrekontuekin eta balizko azterketa sakon batekin lotu baitzituen. LABek erantsi zuen Haurreskolak Partzuergoa 0-2 urteko haurrei hezkuntza zerbitzua emateko Lakuaren eta udalerri batzuen arteko hitzarmena den heinean, administrazioak Haur Hezkuntzako lehenengo zikloaren kalitatea, doakotasuna eta euskaldun izaera bermatu beharko lituzkeela, hau da, 0-3 urte bitarteko haurren matrikulatzeko eskubide unibertsala. Ohartarazi zuenez, egoera are larriagoa da 2018ko aurrekontuetan milioi bat euro gehiago joan direlako, orotara 25.627.322 euro, titulartasun pribatuko haur eskoletara, «horien gaineko hezkuntza proiektu eta kuoten kontrolik ezarri gabe». Aldiz, Haurreskolak Partzuergoko «familiei beketan bideratzen zitzaien dirua orain urte batzuk errenten araberako sistema bat, nahikoa ez zena, ezartzeko erabili zen, aurrekontuetan inbertsioa handitu gabe», esplikatu zuen sindikatu subiranistak. Doakotasunaren alde, hezkuntza sistema propioa iruten jarraituko duela nabarmendu zuen. Legerako oinarria «generikoegia» dela diote Oposizioaren iritziz, «generikoegiak» dira Lakuaren etorkizuneko Hezkuntza Legearen oinarriak. Horregatik, Cristina Uriarte sailburuari eskatu diote «hezkuntza sistemaren gaur egungo arazoak» kontuan hartzeko; segregazioa, esaterako. EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberaren eskariz, Uriartek agerraldia egin zuen atzo Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordearen aurrean, Hezkuntza Legearen oinarri gisa aurkeztutako dokumentua azaltzeko. Testu honek elkarbizitza, hizkuntzak, ebaluazioa, modernizazioa eta zentroen autonomia jasotzen ditu etorkizuneko hezkuntza sistemaren helburu nagusi gisa. «Irizpide horiek egonkortasuna erraztuko dute eta adostutako sustraien gainean haztea posible egingo dute», defendatu zuen sailburuak. Oroitu zuen Parlamentura eraman nahi dutela dokumentua saioen epea amaitu baino lehen. Uberak neurriak zeintzuk diren eta aurrekontuaren babesa izango duten jakin nahi dutela adierazi zuen. Ildo beretik, Elkarrekin Podemoseko Iñigo Martinezek kritikatu zuen oraindik ez dakitela zeintzuk izango diren Sailaren helburuak eta «oso generikoak» direla edukiak. Gauza bera azaldu zuen PSEko Jose Antonio Pastorrek, nahiz eta proiektuaren balorazio positiboa egin. PPren taldeak ez zuen batzordean parte hartu.GARA